EP berria aurkeztuko du abenduaren 8an Bulego taldeak, Baztartxon

Andoni Elduaien 2020ko azaroaren 16a

Azkoitiko musika taldeak EP berria aurkeztuko du datorren hilean, eta aurkezpen kontzerturako sarrerak gaur jarriko dituzte salgai.

Azkoitiko Bulego musika taldeak EP berria aurkeztuko du abenduaren 8an, Baztartxo antzokian, eta aurkezpen kontzertua zuzenean jarraitzeko sarrerak gaur bertan jarriko dituzte saltzen. Musika taldeak jakinarazi duenez, taldearen Instagram kontuko deskribapen atalean jarriko dute sarrerak erosteko lotura. Bulegok iragarri duenez, 19:00etatik aurrera erosi ahal izango dira sarrerak.

Abenduaren 8ra begira "zerbait berezia" prestatzen ari direla jakinarazi dute taldekideek, eta aurkeztuko duten EPak hiru abesti izango dituela esan dute: duela aste gutxi ezagutzera eman duten Kantu bat izeneko abestia, aurkezpen bidean den Gure izarrak kantua, eta oraindik aurkeztu ez duten hirugarren abesti bat. Musika taldeak esan duenez "aurkezpen esklusiboa" egingo dute Baztartxo antzokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide