Nola bizi izan zenuten asteazkena?
Astearte gauean abiatu ginen Asturiasera, eta profesionalen moduan sentitu ginen une batzuetan. Txandaka gosaldu ondoren, Oviedon paseotxoa eman genuen guztiok elkarrekin. Hotelean hizketaldia egin genuen, aurkariaren inguruan eta partidan zer egin behar genuen azaltzeko. Bazkalondoan, berriz, batzuek siesta egin zuten eta karta jokoan aritu ziren besteak. 17:00etan hartu genuen autobusa zelaira abiatzeko. Bidean tentsio puntua nabari zen, jendea isilago zegoen, bagenekien zerbait handia egin genezakeela. Horrelako aukerarik ez dugu edukiko ziurrenik berriz, eta aprobetxatzea nahi genuen. Izugarrizko marka da klubarentzat eta guretzat Lehen Mailako talde baten aurka jokatzea.
Partida ofizial bat jokatzeko horrelako bidaia luzerik egin gabe zeundeten. Nolako esperientzia izan da?
Esperientzia oso polita izan da. Partida jokatu aurreko egunean abiatu ginen etxetik, beste liga batean jokatzen duen gure maila bereko talde baten aurka partida ofizial bat jokatzeko. Taldeak gozatu egin du bidaia honetan. Sekula ahaztuko ez dugun esperientzia izan da, are gehiago partida irabazita.
Ospakizunak ez ziren nolanahikoak izango, ezta?
Bigarren gola egitea estasi gozoa izan zen. Harmailetan zeuden ordezko jokalariek, zuzendaritzako kideek, aulkian geundenok, zelaian jokoan zeudenek... guztiok oihu handia egin genuen. Partida amaitutakoan, berriz, sentimendu handiko besarkadak eman genituen zelaian. Aldagelan ere oso handia izan zen poza, batik bat aurretik pilatutako tentsio guztia askatu genuelako lorpenarekin. Itzulerako bidaia, bestalde, joanekoa baino motzagoa egin zitzaigun; gozatzen itzuli ginen. Musika ozen entzuten zen, guztiok abesten itzuli ginen; baita mugikorrari begira ere, jasotako zorion mezuak asko izan baitziren. Horrelakoak gustura hartzen dira.
Orain, noren aurka jokatzea gustatuko litzaizueke?
Jokalariak segituan hasi ziren "Cholo Simeone!" oihuka [Atletico Madrilen entrenatzailea da Simeone]. Punta-puntako talde bat egokitzea litzateke ederra: Atletico Madril, Vila-real, Sevilla, Betis... Oso ederra litzateke Anaitasunak neurketa ofizial bat horietako talderen baten aurka Txerloian jokatzea. Ikusiko dugu zer egokitzen zaigun, baina neuk pertsonalki Sevilla edo Betis nahi ditut. Bi taldeetako entrenatzaileak asko gustatzen zaizkit, eta bietako bat gustura hartuko nuke Txerloian.