Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeak datorren asteazkenean, azaroak 11, jokatuko du Espainiako Errege Kopako atariko neurketa. 19:00etan hasiko da Real Titanico taldearen aurkako neurketa El Entregoko (Asturias, Espainia) Nuevo Nalon zelaian. Egungo osasun egoera tarteko, neurketa ateak itxita jokatuko dute asturiarrek eta azkoitiarrek. Kluba, gainera, Kopako neurketa webgunetik zuzenean eskaintzeko egon daitezkeen aukerak aztertzen ari da.
Nuevo Nalon zelaia ez da Real Titanico taldearen ohiko zelaia. Asturiasko futbol taldeak Las Tolvas zelaian jokatu ohi ditu bere etxeko neurketak, baina zelaiak argiteriarekin dituen arazoak tarteko, Nuevo Nalon zelaia hautatu dute Anaitasunaren aurkako Errege Kopako partida jokatzeko.
Historiarekin hitzordua
36 urteren ondoren ari da Anaitasuna Errege Kopan parte hartzen, eta futbol taldeak eskura du Espainiako Lehen Mailako talde baten aurka aritzeko aukera. Real Titanicoren aurka partida irabaziz gero, Liga Santanderren lehiatzen ari diren talde baten aurka jokatuko dute Txerloian, abenduaren 16an.
Aurtengoa, baina, ez da Anaitasunak Errege Kopan parte hartuko duen lehen aldia. Izan ere, 1980-81 denboraldian, Anaitasuna ere Hirugarren Mailako taldea zen, eta orduan ere Errege Kopa jokatu zuen. Eibarrek kanporatu zuen txapelketatik. Ipuruan bat eta huts galdu zuten gorrixek, eta huts eta hiru menderatu zituzten armaginek azkoitiarrak, Txerloian.
Errege Kopako hurrengo parte hartzea hiru denboraldi beranduago lortu zuen Anaitasunak. Aurten Errege Kopara sailkatzeko ibilbidean izan duen aurkari batekin egin zuten topo azkoitiarrek 1983-84 denboraldian ere: Aurrera Ondarroa. Bi partidetara jokatu zuten kanporaketa hura, eta Txerloian bana berdindu zuten; Zumetak egin zuen Anaitasunaren gola. Ondarroan, ordea, bat eta bi nagusitu zen Azkoitiko futbol taldea, eta Errege Kopan aurrera egitea lortu zuen horrela.
Kanporaketa hura gaindituta, Errege Kopako bigarren kanporaketa jokatzeko sailkapena lortu zuen Anaitasunak, eta Deportivo Alaves izan zuten aurkari. Txerloian huts eta bat galdu zuten gorrixek. Mendizorrotzan jokatutako itzulerako neurketan, berriz, Alik penaltiz egindako golari esker kanporaketa berdintzea lortu zuen Anaitasunak, baina gero zortzi gol jaso zituen taldeak.
Talde nagusien garaipenak
Atzo, larunbata, Hirugarren Mailako gizonezkoen taldeak eta Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak garaipenak lortu zituzten. Neskek bi eta huts menderatu zuten Zarautz Txerloia futbol zelaian, Eneritz Jauregiren eta Leire Ucinen golekin. Minutu askoan bat gutxiagorekin jokatu behar izan bazuten ere, taldeak ondo hartu zien neurria zarauztarrei. Nesken taldea sailkapeneko liderra da orain, jokatutako bi partidak irabazita.
Hirugarren Mailako taldeak, berriz, Eibar klubaren bigarren taldea, Vitoria, menderatu zuen, Eibarko Unbe futbol zelaian. Barbarin eskuin hegaleko atzelariak lehen zatian egindako golari esker, hiru puntu garrantzitsu lortu zituzten. Lau neurketa jokatuta, bost puntu bildu ditu Anaitasunako mutilen lehen taldeak, eta bere multzoko erdiko postuetan kokatu da asteazkeneko Errege Kopako partida baino lehen.