Azkoitiko planta batean hondakinak birziklatzeko edota errausteko "legez kanpoko" jarduera egiten dutela salatu du Urola Bizirik natur taldeak Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan; urriaren 13an jarri zuen salaketa. Planta hori Azkoititik Elgoibarrera arteko bide zaharrean dago, Loizubi erreka ubidea bezala ezagutzen den eremuan, Olaso azpian. Planta horretan, hondakinak birziklatzeko ingurumenaren kontrako jarduerak egiten direla kritikatu du natur taldeak, hala nola hondakinak errez edota olioak eta bestelako likido kutsakorrak isuriz. "Guk jarri dugun salaketa Azkoitian dagoen jarduera ekonomiko ilegal-alegal batek sortzen dituen hondakinen gainekoa da. Jarduera horrek, bere egunerokoan, legez kanpoko prozedurak erabiltzen ditu birziklatu beharreko hondakinak errez", azaldu du Urola Bizirikek.
Urola Bizirikek salatu duen planta horren eguneroko jardueraren lekuko dira inguruko bizilagunak; hala adierazi du natur taldeak: "Gauero sua ikusten dute plantan, eta arnastu ere ezin den ke batez inguratuta aurkitzen dira goizero".
Arazo serioa
Loizubi errekaren ondoko plantan bi arazo daudela kritikatu du natur taldeak. Alde batetik, "arazo ekologiko serioa" da gune horretakoa: "Kezkagarria da eremu horretako lurraren egoera. Bertako basoan eta inguruko errekako uretan jarduerak duen eragina oraindik aztertu gabe badago ere, begi bistan dago behar bezalako neurririk ez dutela hartzen". Bestetik, plantak "osasun arazoa" ere eragiten duela esan dute, "inguruko bizilagunek egunero kiratsa darion laino bat arnastu behar dutelako".
Urola Bizirik natur taldeak, Fiskaltzara jo aurretik, beste bide batzuk jorratu ditu planta horretako jarduera salatzeko eta neurriak hartzeko eskatuz. Dena den, gune horretako "arazo ekologikoari irtenbiderik ez" zaiola ematen ikusita, bide administrabora jo dute. "Plantaren inguruko bizilagunek aspaldi eman zuten egoeraren berri, baina ez da zuzendu; jarduera ez da eten. Horregatik, salaketa Ingurumen Fiskaltzan jartzea erabaki du taldeak. Ikusiko dugu bide honek hemendik aurrera zer urrats egiten dituen".
Bide konplexua
Bide administratibora jotzeko erabakia ez dela erraza izan adierazi du Urola Bizirikek: "Salaketa jartzea ez da gauza arina, denbora luzea iraun dezakeen prozedura administratibo konplexu bat hasten delako". Hala ere, natur taldeari "arazoa larria" dela iruditzen zaio, eta bide horri ekitea erabaki du. "Egoeraren larritasunarekin" kezkatuta daude, eta "arazoak daukan dimentsioa ikusita" erabaki dute Fiskaltzara jotzea.
Ingurumenaren aurkako jardueren aurrean gertatzen diren egoerei buruzko gogoeta bat ere egin du natur taldeak. "Gogorra egiten zaigu hainbat administrazioko erakundetan ingurumen arazo baten berri ematea, eta denbora bat pasatu arren, egoerak eta arazoak bere horretan jarraitzen duela ikustea". Hau da, Ingurumen Fiskaltzara jo aurretik, plantaren jarduera okerraren berri eman du taldeak hainbat administrazioko erakundetan, baina Urola Bizirikeko kideen ustez, erakunde horietako ordezkariek ez dute behar besteko neurririk hartu: "Ez al ditu administrazioak herritarron eskubideak (osasuna, ingurumena...) babestu behar? Herritarren esku jarritako tresnak eta legedia benetan eraginkorrak al dira? Oraindik ere denak balio al du ekonomian?".
Administrazio publikoan ingurumena zaintzeko jartzen diren baliabideen gabezia ere kritikatu du Urola Bizirik natur taldeak: "Iruditzen zaigu ingurumenaren babesa ez dagoela oraindik errotuta gure gizarteran, eta gure administrazioa horren adibide garbia dela". Hori arrazoitzeko, herritarrak justizia.eus webgunea bisitatzera gonbidatu ditu natur taldeak, honako galderak eginez: "Ikusten al duzue webgune horretan ingurumena nonbaiten? Euskadin ez al dugu bada delitu ekologikorik?".
Azkoitiko Udalak zigor espedientea ireki dio Loizubiko jardueraren jabeari
Azkoitiko Udalak Loizubi erreka inguruan, Olaso azpian, dagoen gunean egiten duen jardueragatik zigor espedientea ireki du partikular baten kontra. "Tramitazio fasean du udalak partikular baten aurka irekitako espediente zigortzailea behin eta berriro Ingurugiroa Babesteko 3/98 Lege Orokorraren arau hauste larriagatik", adierazi zuen atzo udalak ohar bidez. Espedientea ireki dio hari egotziz "mota guztietako hondakinen isuri inkontrolatua egitea, lizentziarik gabe etxolak eraikitzea eta zonaldea zabortegi gisa erabiltzea".
Udalak azaldu duenez, joan den uztailean hasi zuen zigor espedientearen tramitazioa. "Zegozkion jakinarazpenak egin eta legeak agindutako epeak gainditu ondoren, ebazpen proposamena eginda dago, eta 12.000 euro inguruko bi zigor ezartzea aurreikusten da", zehaztu du herri erakundeak.
Udalak ohar bidez adierazi duenez, urriaren 15eko Lurraldea Batzordean gainerako alderdietako udal ordezkariei erakundeak hasietako bidearen berri eman zien Javier Zubizarreta alkateak.
Udalak adierazi du, oro har, irekita dituen zigor espedienteen berri ez duela ematen. Kasu honetan, ordea, "beharrezkoa" ikusi du udalak publikoki adieraztea zein neurri hartu duen, Urola Bizirik natur taldeak Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan egindako salaketaren dela eta.