"Helburua Lehen Mailako talde baten aurka jokatzea da"

Andoni Elduaien 2020ko urr. 14a, 08:53

Azaroaren 11n jokatuko du Anaitasunak Errege Kopako atariko neurketa. Zozketa datozen egunetan egingo dute. Liga asteburuan hasiko du Azkoitiko taldeak.

2020. urteak ahaztekotik gehiago badu ere, Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeak historiarako lorpenak lortu ditu aurtengo urtean. Joan den asteburuan Espainiako Hirugarren Mailarako igoera borobildu zuen Ondarroan (Bizkaia), Espainiako Errege Koparako sailkapena lortuta. Ander Arabaolazaren bi golekin, bat eta bi irabazi zuen Azkoitiko taldeak.

Sailkapena eskuetan dutela, azaroaren 11n jokatuko dute gorrixek Errege Koparen atariko neurketa. Oraindik ez dago zehaztuta noiz egingo den kanporaketak erabakiko dituen zozketa, baina Espainiako Futbol Federazioak hedabide honi azaldu dionaren arabera, datozen egunetan egingo dute.

Guztira, hogei talde daude sailkatuta Errege Koparen atariko fasera. Espainiako Futbol Federazioaren arabera, inguru geografikoaren araberako lau multzo egingo dituzte beren artean zozketak egiteko. Iaz ere modu horretan egin zuen zozketa futbol federazioak, eta horri jarraituz, Anaitasunaren aurkariak izan daitezke, besteak beste, Galiziako C.D. Ribadiuma, Asturiasko Real Titanico, Kantabriako C.D. Revilla, Errioxako Racing Rioja edota Gaztela eta Leongo C.D. Colegios Diocesanos.

Xabier Artetxe Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaileak ez du "lehentasunik" zozketara begira, aurkaria dena dela ere, "neurketa irabaztera" joan behar dutela uste baitu. "Berezia izan daiteke etxetik kanpo jokatzea eta autobusean bidaia egitea, baina hobe da guk geure zelaian jokatzea. Bidaia egin behar badugu, hobe gertukoa bada; izan ere, partida aste barruan jokatuko dugu", azaldu du.

Azaroaren 11n garaipena lortuz gero, sari potoloa jasoko du Anaitasunak: Espainiako Lehen Mailako talde bat hartuko luke abenduaren 16an, Txerloian. Artetxe entrenatzaileak dioenez, denboraldi hasieran hainbat helburu finkatu zituzten taldean. "Lehen helburua Hirugarren Mailari eustea da, azken urteetan ez baitu hori lortu klubak. Horrez gain, eta Lehen Mailako talde baten aurka Txerloian Errege Kopako partida jokatzeko aukera dugula kontuan hartuta, kopan sailkatzea izan da gure beste helburua", dio entrenatzaileak. Azpeitiko Lagun Onak taldeari "neurketa ofizial bat irabaztea" da taldearen beste nahietako bat.

Kopako hurrengo partida "ondo" prestatuko dutela adierazi du Artetxek. "Garrantzi handia emango diogu, pauso batera baikaude klubarentzat horren garrantzitsua izan daitekeen neurketatik. Aste barruan jokatuko dugu, baina dugun taldearekin prest gaude neurketa hori jokatzeko. Helburua Lehen Mailako talde baten aurka jokatzea da, eta hortik aurrera, gozatzea".

Liga hasiera, asteburuan

Kopa datorren hilera arte utzita, Anaitasuna futbol taldeak asteburuan hasiko du Espainiako Hirugarren Mailako liga. Larunbatean, 17:00etan, Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak Bizkaiko Sodupe taldea izango du arerio, Txerloia futbol zelaian. Artetxe entrenatzailearen esanetan, Sodupe "maila altuko taldea" da, Hirugarren Mailan "urte onak" egindakoa. "Urte askoan elkarrekin jokatutako jokalariak dituzte. Beren helburua mailari eustea baino zerbait gehiago delakoan nago. Partida oso gogorra izango da guretzat, goian ibiliko den taldea izango baita", azaldu du. Era berean, Artetxek uste du taldearentzat "ona" izango dela Sodupe bezalako talde baten aurka hastea denboraldia, ligak duen maila ikusteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide