Eska daitezke Gobernuz Kanpoko Erakundeei zuzendutako dirulaguntzak, Azkoitian

Olaia Juaristi 2020ko irailaren 29a

Azkoitiko Udalak 60.000 euro bideratuko ditu garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen egoera hobetzeko programetara nahiz herrialde horietan bizi duten egoerarekiko kontzientzia piztea xede duten egitasmoetara. Eskaera aurkezteko azken eguna urriaren 26a da.

Azkoitiko Udalak zabalik du Gobernuz Kanpoko Erakundeei zuzendutako dirulaguntzen eskaera epea. Laguntza eska daiteke garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen baldintza sozial, ekonomiko eta kulturalak hobetzeko helburua duten programak lantzeko edota herrialde horietako errealitatearekiko eta egoera hori sortzen duten arrazoiekiko herritarren interesa piztu dezaketen ekintzak gauzatzeko.

Udalak 60.000 euro bideratuko ditu laguntzetara. Ezinbestekoa da laguntza jaso ahal izateko eskatzailea Euskadin edo Nafarroan erroldatuta izatea eta GKEaren egoitza soziala Azkoitian bertan edo Urola bailaran izatea.

Eskaera aurkezteko azken eguna urriaren 26a da; online ere egin daiteke Azkoitiko Udalaren webgunearen bitartez, tramiteen atalean sartuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide