Sidenorrek 'Industria eta enlegu trantsizioa' izeneko plana aurkeztu du gaur, osteguna, bere egoitza guztietan ordezkaritza duten sindikatuen aurrean. Enpresaren asmoa da "produkzioan zuzenean eragin duen merkatu jaitsierari aurre egitea". Enpresak ohar bidez azaldu duenez, "enpresaren lehiakortasunari eustea" da lehentasuna, etorkizuneko emaitzak eta enplegua sustatzeko.
Oharrak dio "enpresaren etorkizuna bermatzeko hainbat neurri" hartu dituztela, eta horien artean nabarmendu du aldi baterako lan erregulazio txostena aurkeztuko diela Euskal Herrian, Katalunian eta Kantabrian (Espainia) dituen egoitzetako langile guztiei. Horrez gain, 1.500 langilek osatutako komertzio delegazioa du Sidenorrek Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan, eta enpresak hartutako erabakiak lurralde horietan ere eragina izango duela adierazi du. Hori horrela, enpresak jakinarazi du negoziazio mahaia irekiko duela, "adostasunera iristeko eta egungo egoera ahalik eta ondoen kudeatzeko".
"Osasun krisialdia martxoan lehertu zenetik, enpresaren eskariak nabarmen egin du behera, eta egoerari aurre egiteko, beharrezkoa izan da urgentziazko erabakiak ezartzea. Gainera, egungo egoerak eta epe motzerako zein ertainerako dauden iragarpenek, traumatikoak ez diren neurri gehiago hartzeko beharra ekarri dute: aldi baterako lan erregulazio txostena", azaldu du enpresak oharrean.
Sidenorrek landutako produktu gehienak automobilgintzara bideratzen ditu, eta aurten eskaerek eta prezioek "jaitsiera garrantzitsua" izan dutela azpimarratu du. Konpainiak adierazi du, bestalde, errekuntza-motorren inguruan hartutako "zenbait planteamendu politikok" sektoreari "negatiboki" eragin diotela. Osasun krisialdiak, berriz, "egoera okertu" egin duela nabarmendu du enpresak. Halere, Sidenorrek azaldu du automobilgintzarena ez dela izan enpresan eragina izan duen arlo bakarra; oil&gas arloak, aeronautikak, ekipamendu ondasunek eta meatzaritzak ere "jaitsiera nabarmenak" izan dituztela gaineratu du.
Egoera "zaila" dela adierazi du enpresak, baina jakinarazi du mantendu egingo dituela datozen hilabeteetarako aurreikusitako inbertsio guztiak, "etorkizunera begira egiten duen apustuaren erakusgarri izateko eta Europako altzairu merkatuaren abangoardian finkatzeko".