Juan de la Rubia organo jotzaileak kontzertua eman du Azkoitian

Anartz Izagirre 2020ko abuztuaren 6a

Castelloko (Herrialde Katalanak) organo jotzaileak hainbat konposatzaileren lanak jo zituen atzo, asteazkena, Azkoitiko parrokian.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko kontzertua eskaini zuen Juan de la Rubia organo jotzaileak atzo, asteazkena, Azkoitiko parrokian, eta hainbat herritar joan zen kontzertua entzutera. Castelloko (Herrialde Katalanak) musikariak hainbat konposatzaileren lanak jo zituen saioan; besteak beste, Bach, Saint-Saens, Gigout, Vierne eta Widor musikarienak.

Musikari entzutetsua da De la Rubia; izan ere, Bartzelonako Familia Sakratuaren basilikako organo jotzaile titularra da. Gainera, Azkoitiarekin ere lotura du, herrian grabatu baitzuen In sono tubae bere lehen diskoa, 2003. urtean, Espainiako Gazte Musikarien lehiaketa irabazi ostean.

Atzokoa ez zen izan Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko kontzertu bakarra. Izan ere, joan zen igandean Azkoitian bizi den Itziar Urbieta azpeitiarrak eta Loli Oteizak beste emanaldi bat eskaini zuten Loiolako basilikan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide