Iraola eta Lafuente nagusi, II. Goilurrak Rallyan

Mailo Oiarzabal 2020ko uztailaren 26a

Aitor Saizarrek eta Gorka Aginagak eta Manuel Morak eta Ivan Bajok osatu dute podiuma. Eskualdeko gidariek emaitza aipagarriak lortu dituzte: laugarren eta zazpigarren postuen artean sailkatu dira, hurrenez hurren, Beitia eta Olariaga azkoitiarrak, Etxaniz azpeitiarra eta Agirretxe errezildarra.

Gaur eguerdian bukatu da, Olaberrian, atzo Azkoitian hasi zen II. Goilurrak Rallya. Ez da ezustekorik izan, eta Joseba Iraola eta Sheila Lafuente bizkaitarrek (Porsche 997 GT3) lortu dute garaipena Azkoitiko Errebueltie eta Lazkaoko Ikullu Razing eskuderiek antolatutako lasterketan.

58 minutu, 10 segundo eta 774 ehuneneko behar izan dituzte irabazleek bi egunetan banatuta jokatu dituzten zazpi zatietako erlojupekoak osatzeko. Aitor Saizarrentzat eta Gorka Aginagarentzat (Peugeot 207 S2000) izan da bigarren postua, irabazleengandik 50 segundora. Manuel Morak eta Ivan Bajok (Peugeot 205) osatu dute podiuma; Iraolak eta Lafuentek baino minutu bat eta 22 segundo gehiago behar izan ditu hirugarren taldeak rallya osatzeko.

Eskualdeko gidariak, oso ondo

Azkoitiko bi pilotu aritu dira lehian II. Goilurrak Rallyan, eta podiumean sartu gabe, baina ohorezko postuen atarian gelditu dira biak. Laugarren postua eskuratu du Ibon Beitiak, Oihane Arizeta kopilotuarekin (BMW 325i), eta Itaitz Olariaga eta Mikel Madinabeitia azkoitiarrentzat (Honda Civic) izan da bosgarren postua. Gainera, Beitia eta Arizeta izan dira lehenak FL kategorian, Ekain Otaegi beizamarraren eta Ion Alberdiren ((BMW 325i) aurretik.

Azkoitiko bi ordezkariak barne, podiumaren ondorengo lau postuak bereganatu dituzte eskualdeko pilotuek: seigarren tokian amaitu dute lasterketa Iban Etxaniz eta Jexux Etxeberria azpeitiarrek (Peugeot 106), eta zazpigarrenean, berriz, Gurutz Agirretxe errezildarrak eta Hodei Intxaustik (BMW M3).

44 taldek hasi zuten rallya atzo, eta 23k lortu dute bukatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide