Irailean estreinatuko den Fadoak entzuten zituen gizona obrako protagonistetako bat da Iñigo Aranbarri (Azkoitia, 1983). Bi gizonen arteko kamioi bidaia bat du oinarrian antzezlanak.
Fadoak entzuten zituen gizona lanarekin buru-belarri zabiltza. Zertan oinarritutako lana da?
Istorioak bi gizonen arteko kamioi bidaia bat du oinarrian. Bata, kamioilaria da eta bestea, autostopean doana. Bidean gertatuko zaizkienek markatuko dute bien barne bidaia. Hirugarren pertsonaiak bi horien eta publikoaren arteko zubi lana egingo du, bi pertsonaien bidaiak aurrera egin dezan, beharrezko elementu zein pertsonaiak sortuz eta probokazio bidez bi gizonak astinduz.
Zein da zure rola?
Mario Esteves kamioi gidariaren azalean ariko naiz. Gizon berezia da. Gurasoak portugaldarrak izanik, kultura harekiko haurtzaroko oroiminak ditu. Bere bizitza bakarti samar planteatu duena da; besteekiko lotura sendorik egiteko ohiturarik ez du. Izan ere, bere lanak errepideari lotuta mantentzen du, batetik bestera sustrai sakonik gabe, bere identitatea da duen erro bakarra. Nortasun sendoko gizona da. Gizona diot behin eta berriz, gizontasunari lotu izan zaizkion ezaugarrien arabera eraiki duelako Estevesek bere izatea, beste askok bezala.
Egiazko istorio bat al du oinarrian?
Ez, fikzioa da. Txarli Andrade idazle portugaldarrak idatzia da testua. Porton (Portugal) jaio zen, baina Euskal Herrira etorri eta Pasai Donibanen bizi da egun. Euskara ikasteko egindako ahaleginak balio izan dio testu hau euskaraz idazteko.
Non ari zarete egiten entseguak?
Konfinamendu ostean hasi ginen Tolosako Topic-en entseguekin, han bi astez aritu ginen lehen kolpeak ematen. Gero, Miarritzeko Theatre des Chimeres konpainiak duen aretoan hamar eguneko egonaldia egin dugu. Irailera arte atsedena dugu orain, eta orain arteko lana pausatzeko eta barneratzeko ederki etorriko zaigu. Irailaren 1etik 18ra, Topic-en bi aste eta erdiko azken entseguen ondoren, 18an Tolosako Leidor aretoan eskainiko dugu jendaurreko lehen emanaldia, estreinaldia, alegia.
Hiru aktorek antzeztuko duzue lana. Nolako taldea osatzen duzue?
Talde txikia da gurea: Getari Etxegarai zuzendaria, Xabi Ormazabal zuzendari laguntzailea eta hiru aktore, Ane Gabarain, Kepa Errasti eta ni. Errazagoa da talde txikian lan egitea. Prozesuan zehar denon proposamenak probatuz egin dugu lan, eta talde handiagoetan hori ezinezkoa da. Txarli Andrade gidoilaria ere gurekin izan da entsegu pare batean. Eskertzekoa da idatzi duenaren gainean edozein aldaketa egiteko eskaini digun askatasun osoa. Bidean erabaki dezente hartu behar izaten dira, batez ere, istorioa kontatzeko moduaz: testua moldatu, kontatu nahi dena zehaztu eta ulermena erraztu, baina publikoak duen historia osatzeko gaitasuna gutxietsi gabe. Lan intentsoa izaten ari da, baina talde polita osatu dugu.
Gustura al zabiltza lan honetan?
Oso gustura nabil. Dagoeneko prozesuaren erdia egin dugu eta ia konturatzerako joan zait. Aurrez lantaldeko gehienekin lan egina nintzen, eta testua jaso nuenean oso gustura irakurri nuen. Udaz gozatu eta azken txanpan sartzeko deseatzen nago. Gero etorriko da onena, emanaldiekin emozio dantza.
Antzerkiak zer harrera izatea espero duzue?
Beroa; hori da esperantza. Umore ukitu dezentea du obrak, emozioak tarteko. Beraz, jendea irabaztea, gurekin edukitzea lortzea eta guk nahi dugun zirrikituetaraino eramatea da asmoa. Gero bakoitzak bere bidaia biziko du, eta bere modura jasoko du esperientzia. Baina askori ezagunak egingo zaizkio hainbat egoera.
Antzerkia egiteko tokiak lotuta al dituzue?
Dagoeneko dezente ditugu lotuta, Hego Euskal Herrian denak. Zirkuitu Kontzertatuan aukeratua izan zen eta horrek hogei-bat emanaldi bermatzen ditu. Egoera berezi honetan, ez dakigu edukiera kontuek zenbateraino mugatuko duten gure jarduna, oraingoz, baina, ez zaigu aurrez lotutako emanaldi datarik erori. Eskualdean, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan izango da ikusteko aukera azaroaren 1ean.
Antzerkian baduzu eskarmentu nahikoa; formatu horretan sentitzen al zara erosoen?
Beti esan izan dut, akaso bihar beste zerbait pentsatuko dudan arren, ez dudala beharrik sentitzen formatu bat besteen gainetik jartzeko eta erosoen sentitzen naizen kodea aukeratzeko. Edozein koderen bidez istorio bat kontatzea da erronka ederra. Pertsonaia desberdin bat gorpuztea bakoitzean, izen desberdin bat janztea eta berak sentituko lukeena, bere moduaren bila ibiliz deskubritzen saiatzea, gero eskaintzeko.
Beste proiekturik ba al duzu esku artean?
Une honetan, ez. Konfinamenduak film labur bat grabatzen harrapatu gintuen. Irail aldera hura berreskuratzeko asmoa dago. Gero, iaz egin genituen ikus-entzunezko lanen aurkezpenez beteta dator udazkena. Hori ere polita da. Egindako lanen emaitzak ikustea eta konpartitzea. Promozio lanek energia dezente eskatuko dute, baina indarrez gatoz.