II. Goilurrak Basque Highlands Rallya jokatuko da Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2020ko uztailaren 10a

II. Goilurrak Basque Highlands Rallya jokatuko dute uztailaren 25ean eta 26an Goierri eta Urola bailaretan. Zortzi zati izango ditu rallyak, eta Azkoititik ere pasatuko dira autoak. Zapatuan, gainera, ekitaldia egingo dute Plazaberrin.

Zapatuan, rallyaren aurreneko egunean, Azkoitiko Plazaberrin egingo dute ekitaldia, goizeko zatiak amaitutakoan. Lasterketan parte hartuko duten autoak bi aldiz igaroko dira banan-banan: 16:30ean lehendabizi eta 19:30ean gero. Lazkaoko Ikullu Razing Eskuderiak eta Azkoitiko Errebueltie Eskudeixek antolatu dute rallya, eta Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria izango da. Halaber, Euskadiko Automobilismo Federazioaren egutegiaren barruan sartu dute. Rallyaren informazio gehiago eskuragarri egongo da federazioaren orrialdean

Oraindik ere izen ematea irekita badago ere, bi azkoitiarrek parte hartuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek: Ibon Beitia eta Iraitz Olariaga lehiatuko dira, eskualdeko beste askoren artean.

Segurtasun neurriak ikusleentzat

Koronabirusa dela-eta, antolatzaileek diote ez dutela nahi jende pilaketarik sortzea ibilbidean. Halere, ikusleek maskara jarrita egon beharko dute zirkuituan, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantendu ezin bada. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide