Lehentasunezko ordutegia izango dute 65 urtetik gorako eta aniztasun funtzionala duten herritarrek, Azkoitiko Elkargunean

Urola Kostako Hitza 2020ko ekainaren 24a

Astelehenetik ostiralera bitartean 09:00etatik 10:00etara artekoa izango da lehentasunezkoa. Zubiaurre Igeri Elkarteko kideek ere bi orduko tartea izango dute astelehenetik ostiralera bitartean.

Azkoitiko Elkarguneko igerileku estalian lehentasunezko ordutegia izango dute 65 urtetik gorako gizon-emakumeek eta aniztasun funtzionala duten azkoitiarrek, astelehenetik aurrera. Astelehenetik ostiralera bitartean 09:00etatik 10:00etara izango dute lehentasuna aipatutako azkoitiarrek.

Hori horrela, Azkoitiko Udalak erreserba egiterakoan ordutegi hori hautatzeko gomendatu die herritar horiei. 65 urtetik gorakoek igerilekuko lau kale erabili ahalko dituzte; bosgarren kalea, berriz, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat gordeko dute.

Zubiaurre Igeri Elkarteak, bestalde, astelehenetik ostiralera bi orduko tartea izango du igerileku itxia erabiltzeko; 12:00etatik 14:00etara, hain zuzen. Elkarteak berak kudeatuko du igerilekuaren erabilera ordutegi horretan. Ordutegi horiek guztiak datorren astelehenean —ekainak 29— sartuko dira indarrean, Elkargunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide