San Joan surik ez piztea erabaki dute Azkoitian eta Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2020ko ekainaren 10a

Azkoitiko Udaleko Aisialdi batzordean hartu dute aurtengo San Joan sua bertan behera uzteko erabakia, eta Azpeitiko Udalak ere San Joan bezperan suaren bueltako ekitaldirik ez egitea erabaki du.

Aurtengo San Joan bezperan ez dute surik piztuko eta suaren bueltako ekitaldirik egingo Azkoitian eta Azpeitian. Azkoitiko Udalak azaldu duenez, COVID-19ak ekarritako ondorioetako bat da ekitaldia bertan behera uztea. "Jendetza bildu ohi da suaren inguruan urtero, eta aurten bizi dugun ezohiko egoera honetan ez da arrazoizkoa ikusi San Joan bezperan sua egitea eta festa ospatzea", azaldu du udalak.

Udalak jakinarazi du Aisialdi batzordean aho batez hartu dutela ekitaldia bertan behera uzteko erabakia. Beraz, suaren inguruan biltzeko usadio zaharrari eusterik ez da izango aurten, ezta haren bueltan egin ohi diren dantzak ikusteko eta musika entzuteko aukerarik ere. Iaz, Anaitasuna Kakute Xake Taldeko eta Iraurgi Abesbatzako kideek izan zuten Balda plazako sua pizteko ardura.

Azpeitian ere ildo beretik jo du udalak. Hain zuzen ere, San Juan bezperan suaren bueltako ekitaldirik ez antolatzea erabaki du, jende pilaketak saihesteko. Erakundearen arabera, herritar ugari bildu ohi da plazan San Juan bezperan, eta herritar kopuru hori eta koronabirusari aurre egiteko protokoloa ez dira bateragarriak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide