Suedian bizi den azkoitiarra

Jon Letamendia: "Bizimodu normala egiteko moduan gaude Suedian"

Andoni Elduaien 2020ko eka. 3a, 09:57

Jon Letamendia (Azkoitia, 1997) Suediako Skövde hirian dago joan den urteko abuztutik. Ikasketak egitera joan zen hara. Suedian ez dute konfinamendurik egin; bakarrenetakoak dira Europan.

Noiz joan zinen Suediara?

Andramarien ondorengo astean etorri nintzen, abuztua amaitu aurretik. Skövde hirian nago, Göteborg eta Stockholm hirien artean. 50.000 biztanleko hiri txiki batean bizi naiz.

Koronabirusak Suediako mugak ere gainditu ditu. Noiz agertu zen gaitza hor?

Lehen kasuak martxoaren erdialdean agertu ziren hemen. Mundu guztian bezala hasi zen zabaltzen Suedian ere COVID-19 gaitza. Halere, Espainian-eta baino zertxobait beranduago agertu ziren lehen kasu positiboak hemen. Hasieran kasu gutxi zenbatu zituzten, baina gerora asko zabaldu da; Stockholm hirian kutsatu asko izan dituzte. Skövde hirian oso kasu positibo gutxi agertu dira.

Zein da egungo egoera?

Nahikoa ona edo oso ona dela esango nuke; bizimodu normala egiteko moduan gaude hemen. Suediako Gobernuak neurriak ezarri beharrean gomendioak eman zituen, eta hortik aurrera herritar bakoitzaren esku egon da jarraibideei kasu egitea. Suediarrek, ordea, ondo errespetatu dituzte gobernuaren gomendioak. Hemen herritarrek egoera normalean ere harreman gutxi izan ohi dute beren artean; horrela bizi dira.

Kasu berezia da Suediakoa; hor ez duzue itxialdirik egin.

Hemen ez dugu konfinamendurik egin, jendeak ondo betetzen dituelako beti gobernuak emandako gomendioak. Ez da horren zuzena agian, baina esan daiteke konfinamendu konstante batean bizi direla suediarrak. Hirietan-eta ez, baina hirietatik kanpo ikusten da herritar bakoitza bere erara bizi dela. Hemen lasai egon daitezke herritarrak denbora luzez beste pertsonei eskurik edo besarkadarik eman gabe.

Zer iritzi duzu konfinamendurik ez egin izanari buruz?

Ondo deritzot, zer esango dut bada. Ez litzateke ederra Azkoititik kanpora ondo bizitzera eta lanera joan naizen urtean etxean sartuta egon beharra. Koronabirusaren fokua Stockholm hirian egon da zentralizatuta batez ere. Hango biztanleek agian beste era bateko iritzia izango dute konfinamendurik ez egin izanari buruz; arrisku handiagoa izan dute haiek gure aldean. Skövde hirian koronabirusaren gaia nahikoa arrotza izan da, ez baitugu ikusi gertuko kasurik.

Positibo kasuak eta hildakoak konfinamendurik ez egitearen arrazoi izan al daitezke?

Neurriak eta gomendioak ondo bete dira, baina nahi edo ez nahi, herritar batzuk kutsatu egin dira. Konfinamendua egin izan balitz datuak hobeak lirateke, noski. Gobernuak ez egitea erabaki zuen, ordea. Suediar batzuekin hitz egin genuen, eta haiek esan ziguten biztanle zaharrenak hiltzen uzten ari zirela. Kosta egiten zait hori horrela izan dela sinistea ere. Biztanle zaharrenak ez dituzte ondo babestu, eta ondorioz hildakoen adinaren batez bestekoa beste herrialdeetan baino altuagoa izan da Suedian.

Gobernuak, ordea, hartu ditu hainbat neurri.

Bai. Egoera unerik latzenean zegoenean ezin zen 50 lagun baino gehiagoko juntadizorik egin. Gainera, diskotekak-eta itxi egin zituzten. Mahaiak eta aulkiak dituzten tabernek eta jatetxeek, ordea, irekita jarraitu dute, baita saltokiek ere. Neurriak ez dira horren zorrotzak izan hemen. Suediako Gobernuak ia inoiz ez ditu bere herritarrak ezertara behartzen. Gobernuak gomendioak ematen ditu, eta herritarrek horiek neurri bezala hartu eta bete egiten dituzte.

Beraz, jarrera ona izan dute suediarrek gaitzaren aurrean.

Kontzientzia handia izan dute suediarrek gaitzaren aurrean. Nahiz eta gobernuak neurriak hartu eta mugak jarri, guk bizitza normala egiten jarraitu dugu. Jendeak ondo bete ditu neurriak. Skövde hirian izan dituzte Suediako datu onenetakoak. Stockholm hirian agian bestelakoa izango da egoera, baina nik ez dut hango ikuspunturik. Dirudienez, suediarrak oso lasai daude; ez daude kezkatuta.

Ikastera joan zinen Suediara. Izan al du COVID-19ak eraginik zure ikasketetan?

Lehen seihilekoan eskolak jaso nituen unibertsitatean, eta ikasle bizitza normala egin nuen. Bigarren seihilekoan, berriz, Gradu Amaierako Lana egiten dihardut. Badakit, adibidez, unibertsitateko eskolak online hasi direla ematen orain. Nire kasuan, ordea, COVID-19ak ez du eraginik izan. Enpresa bateko bulegoan ari naiz lanean, eta egunero joaten naiz hara; berdin-berdin jarraitzen dut lanean. Gradu Amaierako Lana presentzialki aurkeztu beharrean online aurkeztu beharko dut; horixe izango da gaitzak eragindako aldaketa bakarrenetakoa.

Zer moduz ari zara eramaten egoera?

Oso ondo daramat. Gobernuak emandako gomendioak betetzen saiatu gara. Ikasle erresidentzia batean bizi naiz, eta leku berean kozinatzen eta jaten dugu. Ikasle bat kutsatzen bada, ziurrenik erresidentziako guztiak kutsatuko gara, eta ezin dugu hori saihestu. Halere, gure artean planak egiten jarraitu dugu; funtsean, berdin du planak bakarrik edo erresidentziako lagunekin egitea. Parranda batzuk galdu ditugu, baina ez diogu garrantzi handirik eman horri; beste edozein herrialdetan baino hobeto gaude Suedian. Futbol talde batean hasi nintzen entrenatzen, eta koronabirusaren eraginez hilabete batez eten zituzten entrenamenduak. Pena izan zen. Orain, ordea, berriz itzuli gara entrenamenduetara.

Pentsatu al duzu etxera itzultzerik?

Ezta burutik pasatu ere. Euskal Herriko eta beste herrialdeetako egoerak ikusita, askoz hobeto gaude hemen. Betiko lagunarteari eta ohiko bizimoduari eutsi diogu. Gradu Amaierako Lanarekin jarraitu dut, eta horra itzulita, egoera zaildu besterik ez litzaidake egingo. Askoz errazagoa da bizitza hemen, eta horri eustea erabaki dugu. Hemen jarraituko dugu, ahal den neurrian urtea aprobetxatzen.

Zer iritzi duzu Euskal Herriko konfinamendu arauen inguruan?

Neurriak hartzea baino garrantzitsuagoa da herritarrak ondo kontzientziatzea. Azken finean, jendea guztiz kontzientziatuta ez dagoelako hartzen ditu neurriak gobernuak. Halere, iruditzen zait neurriak nahikoa zorrotzak izan direla Euskal Herrian. Egia da egoera oso desberdina dela Suedian edo hor, eta koronabirus kasuen kopurua ikaragarri igoko litzatekeela Euskal Herrian konfinamendua egin ez balitz. Neurriak hartu beharra zegoen, noski, baina ez naiz ni inor egokiak izan diren edo ez epaitzeko. Suediakoarekin alderatuta, iruditzen zait gogorra izan dela Euskal Herriko egoera. Badirudi egoera hobetzen ari dela; ea orain deseskalatze faseekin asmatzen duten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide