Zertara joan zinen Australiara?
2010eko otsailean sei hilabeterako etorri nintzen ingelesa ikastera, eta bertan bizitzen geratu nintzen. Orain farmazia arloko multinazional batean lan egiten dut, ingeniari gisa.
Noiz eta non agertu ziren lehen koronabirus kasuak hor?
Urtarrilaren 23an hasi ziren Txinako Wuhan hiritik zetozen hegaldiak kontrolatzen, eta lehen COVID-19 kasua urtarrilaren 25ean atzeman zuten, Melbourne hirian. Egun berean, Wuhanetik Sydneyra zetozen beste hiru bidaiari kutsatuta zeudela ohartu ziren. Urtarrilean bederatzi kasu baieztatu zituzten.
Nolako bilakaera izan du gaitzak?
Otsailean atzemandako kutsatu guztiak turistak ziren. Martxoaren 1ean izan genuen lehendabiziko hildakoa, Perth hirian; Diamond Princess ontzian kutsatu zen haietako bat. Australian bertan kutsatutako lehen kasua, berriz, martxoaren 2an atzeman zuten. Martxoaren erdialdetik aurrera, igoera nabarmena izan zuen kutsatuen kopuruak, eta egunik txarrena martxoaren 30a izan zen, 460 kutsatu berrirekin. Harrezkero, murriztuz joan da positibo berrien kopurua, eta apiralaren bukaeran, egunean hogei bat kasu berri baieztatzen zituzten. Maiatzaren 22an, 7.095 ziren ordura arte baieztatutako kasuak, 101 hildakoak eta 515 kasu aktiboak.
Gobernuak zer neurri hartu ditu pandemiari aurre egiteko?
Urtarrilaren bukaeran, Txinako Hubei probintzian zeuden austrialarrak herriratzen hasi zen hemengo gobernua. Handik zetozenak Christmas Islandera eraman zituen hambost egunez isolatuta egon zitezen. Otsailaren 1ean, gobernuak herrialdera sartzea debekatu zien Txinatik zetozen atzerritarrei; handik zetozen australiarrei, berriz, hamabost eguneko konfinamendua ezarri zien. Martxoaren hasieran, Iranera, Hego Koreara eta Italiara joatea debekatu zien gobernuak herritarrei, eta martxoaren 20an mugak itxi zituen australiarrak ez ziren guztientzat.
Martxoaren erdialdean, 500 lagunetik gorako bilerak debekatu zituen gobernuak, eta herrialdera itzultzen ziren australiar guztiei bi astez isolatuta egoteko agindu zien. Martxoaren 22an, funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiak bertan behera utzi eta zenbait estatutako mugak itxi zituen. Horrez gain, hotelak, tabernak, zinemak, kasinoak, diskotekak... itxi zituen. Kafetegiek eta jatetxeek eramateko soilik prestatzen zuten jatekoa. Apirilaren 25ean, COVIDSafe sakelakoetarako aplikazioa jarri zuen eskuragarri gobernuak. Aplikazioaren funtzioa da bi pertsonen arteko harremanak erregistratzea, eta abisatu egin du metro eta erdira duzun pertsonak COVID-19a izan duen ala ez.
Horiez gain, ekonomia sustatzeko neurriak ere hartu ditu gobernuak. Horietako bat soldatak laguntzeko JobKeeper programa izan da. COVID-19agatik lana galdu duten herritarrei 900 bat euroko laguntza ematen die hamabost egunez behin.
Zu bizi zaren lekuan, zein da egoera?
Eskolak ez dituzte itxi lanera joan behar duten gurasoei laguntzeko. Gurasoek erabaki ahal izan dute umeak eskolara bidali edo ez, eta nahi izatera, umeek aukera dute eskolak etxetik jarraitzeko. Dendak eta tabernak itxita egon dira martxoaren 22tik, baina aste honetan edukiera mugatuta irekitzen hasi dira. Hondartzak, berriz, martxoaren 21ean itxi zituzten, baina lau bat astera berriz ireki zituzten kirola egiteko.
Herritarrok kalean lasai ibiltzerik izan al duzue?
Kalean ibiltzeko aukera izan dugu, baina zentzuz jokatu dugu eta beharra izan dugunean bakarrik atera gara.
Lantokira joaten zara ala etxetik ari zara lanean?
Gobernuak etxetik lan egitea sustatu du, baina funtsezko zerbitzuetan lan eginez gero eta etxetik egin ezin den kasuetan —hori da nire kasua—, lantokira joateko aukera izan dugu. Lantokian, une oro, metro eta erdiko tartea gorde behar dugu beste lankideekiko.
Zer moduz daramazu egoera?
Nik ez dut murrizketen eragina asko nabaritu, Euskal Herrian jasan behar izan duzuenarekin alderatuta. Gimnasoak itxi dituzte eta pasieran ibili naiz ordutik, eta kafetegiak eta jatetxeak itxi dituztenez, asteburuetan ezin izan naiz haietara joan. Min handiena egin didana izan da ekainean Papua Ginea Berrira nuen bidaia bertan behera utzi behar izan dudala. Oporrak nituen eta atzeratu egin behar izan ditut hurrengo urtera arte.
Herritarrek errespetatzen al dituzte gobernuak ezarritako neurriak?
Bai. Aste Santuan bidaiarik ez egitea aholkatu zuen gobernuak, eta herritarrek kasu egin zioten. Europatik zetozen albisteak nahiko apokaliptikoak ziren eta jendea kezkatuta ibili da.
Australiako datuak munduko beste leku askotakoak baino hobeak dira. Neurri egokiak hartu direlako izan al da hori?
Nire iritziz, gobernuak krisialdi hau nahiko ondo kudeatu du, eta herrialdeak dituen ezaugarriek ere horretarako aukera ematen dute. Herrialde isolatua da, airetik edo itsasoz bakarrik sar daiteke hona, eta immigrazioa oso-oso kontrolatuta dugu hemen. Gainera, Australiak ez du jende kongregazio handirik; herrialde guztiko biztanleria 25 milioikoa da, eta Europak baino azalera handiagoa du. Horrez gain, COVID-19ak uda bete-betean harrapatu gaitu, eta munduko izpi ultramore indartsuenetakoak ditugu; nire ustez horrek ere eragina izan du birusaren zabalkuntzan.
Normaltasunera itzultzeko denbora asko beharko duzuela uste duzu?
Ez. Ez dakit noiz kenduko dituzten estatuen arteko mugetan indarrean dauden murrizketak, baina gainerakoan, ekainean bizimodu normala egiteko moduan izango garela uste dut.
Hortik nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera?
Hasieran, kezkatu egin nitzen, baina Euskal Herrian dagoen osasun sistema ona da, eta gainera, Azkoitia isolatuta dago. COVID-19ak baino gehiago kezkatzen nau konfinatuta egon den jendearen osasun mentalak.
Azkoitiara bueltatzeko asmorik baduzu?
Ez dakit zer ekarriko didan etorkizunak, baina egia esan hemen oso ondo bizi naiz. Mugak irekitzen badituzte, Gabonetan joango naiz Azkoitiara; Presaldeko bisigua jateko irrikitan nago!