Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako bulegoa itxita egon da azken asteotan COVID-19aren krisia dela eta, eta bitartean, telefono bidez eta posta elektronikoz eman du arreta. Egoera malgutzen doa pixkanaka, ordea, eta Ongizate Sailak berriro ateak zabalduko ditu herritarrentzat, arreta presentziala berreskuratuz. Hori bai, udalak gaineratu du egoera bere onera etorri arte beharrezkoa izango dela aurrez hitzordua hartzea, jende pilaketak saihesteko, eta ezinbesteko egoeretan bakarrik artatuko dela aurrez aurre.
Gizarte Zerbitzuetan arreta presentziala jasotzeko, aldez aurretik 943-85 71 74 telefonora deitu beharko da edo gizar@azkoitia.eus edo ongizate@azkoitia.eus helbidera mezua idatzi, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara.
Aurrez aurreko arreta segurtasun neurri guztiekin berreskuratuko dute, eta aldez aurretik dagozkion jarraibideak azalduko zaizkio bertaratutako herritarrari.