Osasuna beste konturik ez da azken berrogeitaka egunetan bazter guztietan. COVID-19a ez harrapatzeko neurriak, etxean egon beharra... eguneroko bilakatu diren honetan, emozioak, sentipenak, burua, bigarren plano batean geratu dira. Horregatik ez dira garrantzia gutxiagoko kontuak, ordea. Maria Gil (Azkoitia, 1991) Gasteizko Santiago Apostol erietxeko psikiatria plantako laugarren mailako egoliarra da. Plantan ingresatu behar dutenekin lan egiten du, egoera larrian iristen direnekin.
Nola ikusten duzu jendea?
Gugana iristen diren pazienteak larrialdietatik etortzen dira, ingresatzea behar dutelako. Guk ikusten ditugun pertsonek nahasmen mental grabeak dituzte: eskizofrenia desorekatuak, nahasmen bipolarrak, depresioak... Nik ez ditut artatzen kontsultetara lo egin ezinik joaten direnak eta antzeko kasuak.
Nola eragin du konfinamenduak herritarren buru osasunean?
Hau dena hasi zenean, guri ez zigun zuzenean eragin; hasieran, ez genuen sekulako lan kargarik. Baina konfinamendua aurrera doan heinean, gero eta okerrago gaude. Orain, aurretik buruko gaitzak zituen baina bizimodu normala egiten zuen gero eta jende gehiago ari da desorekatzen. Gainera, bat edo beste badaukagu, koronabirusak eragindako estresa tarteko, sintoma psikotikoak izaten hasi dena. Horrez gain, anbulatorioetatik transmititzen digutena da beraiek ere gero eta lan karga handiagoa dutela. Pentsatzen dut lehen lo egin ezinda zeudenak orain okerrago egongo direla.
Zer esan nahi duzu jendea desorekatzen ari dela diozunean?
Pertsona batek izan dezake eskizofrenia, nahasmen bipolarra edo depresioa, baina orekan egon, egonkor. Gaixotasun kroniko bat izanagatik, orekan bazaude, ez daukazu inolako arazorik. Diabetikoa bazara ere, egonkortuta egonez gero, ez dago arazorik. Kontua da, edozein gaitz desorekatzen denean, ezegonkortzen zarenean, ingresatu egin behar duzula, berriz ere oreka lortu arte. Buruko gaitzekin gauza bera gertatzen da. Adibidez, aurrez nahasmen mental bat zeukatenak –baina orekan zeudenak– koronabirusaren inguruan deliratzen hasi dira orain. Gai horrekin lotutako desorekak ari gara ikusten.
Koronabirusaren ostean, buruko gaixotasunen beste pandemia bat etorriko dela diote adituek. Arrisku hori badago?
Hau dena gutxi gorabehera pasatzen denean, jendea koronabirusaz ahazten denean, gu oraindik oso kaltetuta egongo gara. Betiko pazienteez aparte, jende berria artatu beharra izango dugu. Dueloak oso gaizki ari dira egiten: jendea ez da ari bere senitartekoak agurtzen, ezin da gaixoak bisitatzera joan, bakarrik hiltzen ari da jendea... Aurreikusten duguna da duelo patologiko pila bat egongo direla, eta horiek gero tratatu egin beharko dira. Eta batez ere, osasun langileak pila bat ari dira sufritzen.
Zer ari zaie gertatzen osasun langileei?
ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitateko langileak, adibidez, izugarri ari dira sufritzen: lan karga handia dutelako eta paziente pila bat hiltzen ari zaizkielako. Hori oso gogorra da. Gainera, ez dute nahikoa babes material, eta une oro beren burua arriskuan jartzen ari dira. Langile horiek etxean familia bat daukate –umeak, gurasoak...– eta haiek kutsatzeko beldur dira. Jende pila batek dauka gaitza etxera eramateko beldurra.
Horrek nola eragin dezake haien osasunean?
Ikusten ari gara jendeak antsietatea duela, lana etxera eramaten duela eta ez duela deskonektatzen: lanera joaten dira eta koronabirusa dute parez pare, eta etxean telebista jarri eta beste konturik ez. Batzuek esan digute ez dutela lorik egiten koronabirusa harrapatu dutela amesten dutelako. Horri lotuta, zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, eta ospitale ugaritan sortu dira osasun langileei babes psikologikoa emateko taldeak.
Depresioa, antsietatea eta beste patologia batzuk bikoiztu egingo direla diote ikerketek.
Bai, zehazki ez dakigu bikoiztu egingo diren, baina ziur gehiago izango direla. Depresioa eta antsietatea bai; izan ere, horiek dira dolu patologiko batek ekar ditzakeen ondorioak. Dagoeneko antsietate gehiago dago gizartean; lehen nahiko estresatuta bizi ginen, eta orain gehiago. Estres hau denok ari gara sufritzen, eta gero, norberaren zailtasunen arabera, hobeto edo okerrago kudeatuko dugu egoera.
Lehen presak eragiten zuen estresa, eta orain geldirik egon beharrak.
Ez genuen sekula pentsatuko hilabete pasa etxean sartuta eman beharko genuenik. Lanean ari garenak ari gara: etxetik lanera eta lanetik etxera. Eta lanean ari ez denak hori ere ez dauka. Egoera berria da, estres eta presio pila bat dago, eta horri gehitu behar zaio ekonomian duen eragina.
Etorkizunaren inguruko ziurgabetasunak nola eragiten du jendearen emozioetan?
Ezjakintasun horrek antsietatean eragin zuzena du. Eta hau zenbat eta gehiago luzatu, are okerrago. Horrela astebe edonork aguanta dezake, baina ez dakit zenbat hilabete egoera honetan... Honek seguru edukiko duela eragina. Koronabirusaren eraginez, badakigu gora egingo dutela buruko gaitzek eta artatu beharko dugun gaixo kopuruak.
Egoera honetan beldur handia dute herritarrek. Horrek nola eragiten du?
Jendea oso beldurtuta dago. Pentsa, ospitaleetara iktus kasu gutxiago iristen ari direla konturatu dira. Koronabirusaz ez kutsatzeko, jendea ez da ospitalera joaten, eta gero, etxean aurkitu dituzte batzuk. Kontsulta gutxi batzuk utzi dituzte zabalik egoera honetan, benetan beharrezkoak direnak, baina kasu horietan ere jendea ez da joaten ospitalera. Egoera honen ondorioz, gaixotasun kronikoak dituen jendearen –diabetesa...– desoreken beste olatu bat etorriko dela ere esaten dute, jendea ez delako medikuarenera joaten. Edo diagnostikatu ez diren beste mila gauza agertuko dira: minbiziak, iktusa izan dutenak eta ondorioak geratu zaizkienak... Herritarrak ez dira medikuarenera joaten, kutsatzeko beldurra dutelako; baina agian joan behar dute, beste zerbait dutelako.
Estresa ezin kudeatuta dabilen jendeak nola jakin dezake bide okerretik doala?
Edozer zalantza dutela, familia medikuarenera jo dezakete herritarrek, horretarako daude eta. Baina antsietate puntu bat izatea normala da; izan ere, arrazoi bat daukazu estresatuta sentitzeko. Ez litzateke normala izango lasai asko eta inolako kezkarik gabe egotea egoera honetan. Kezkatu behar duzu zure erreakzioa ez denean proportzionala: ez duzunean lorik egiten, zure eguneroko bizitza mugatzen ari zaizunean estres hori...
Zer aholku emango zenioke animoz oso ondo sentitzen ez den jendeari?
Batez ere, pentsatu behar dugu hau ez dela betirako izango; lehenago edo beranduago, bukatu egingo dela. Ahal den heinean, aguantatu egin behar da; zenbat eta hobeto errespetatu jartzen dituzten neurriak, azkarrago bukatuko da hau. Esperantza hori ez dugu galdu behar.
Askok esaten dute krisi honetatik indartuta aterako dela gizartea. Hala iruditzen al zaizu?
Bizitzan gainditzen dugun oztopo bakoitzak aberastu egiten gaitu, eta honetatik irteten dugunean, esango dugu: "Hura gainditu nuen, eta hau ere gaindituko dut". Honek ere aberastu egingo gaitu.