Azkarateko proiektuak "atzera botata" behar lukeela azaldu du EH Bilduk

Urola Kostako Hitza 2020ko api. 27a, 11:40

Azkoitiko EH Bilduk joan den ostegunean Azkoitiko Udalean egin zen Lurralde Batzordearen gaineko balorazioa egin die herritarrei.

Adostasunik gabe Azkarateko zabor planta ez dela eraikiko berretsi zuen joan den ostegunean Azkoitiko Udalean egin zen Lurralde Batzordean Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak. Azkoitiko EH Bilduk "positibotzat" hartu du alkateak hori berretsi izana eta erabakia parte hartze prozesu baten bidez gauzatuko dela "behin eta berriz" azpimarratu izana. "Zabor plantaren proiektua momentuz etetea ezer baina hobea den arren, argi eta garbi esan nahi dugu alkatearen hitzak kontuan izanez gero, eten ez, proiektua atzera botata egon beharko lukeela", azaldu du koalizioak. EH Bilduk nabarmendu du Azkarateko hondakin guneari inguruan "jarrera argi eta garbi" dutela eta udalean nahiz publikoki adierazi dutela koalizioak ez duela "zabor planta babestuko".

Osteguneko bileran Udal Gobernuak eta udal teknikariek Arau Subsidiarioen 4. Aldaketaren inguruko balizko proposamena "ahoz" azaldu zutela jakinarazi du EH Bilduk. "Proposamena nondik doan dakigun arren, informazioa idatziz jaso zain gaude guztia ondo aztertu ahal izateko. Bitartean, gure proposamena prestatuko dugu parte hartze prozesua egiten denean bertan aurkezteko", adierazi du.

EH Bilduk gaineratu du "garrantzia handia" duela koalizioak apirilaren 15ean udalari eskatu zion ikuskaritza aurrera eramatea. "Alarma-egoeran gaudelako zailtasunak egon daitezkeela esan diguten arren, guretzat ezinbestekoa da lehenbailen egitea2, nabarmendu du Azkoitiko EH Bilduk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide