Askotariko hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko gune bat eraikiko dute Azkoitian

Andoni Elduaien 2020ko apirilaren 7a

Gunearen eraikuntza lanek ez dute oraindik datarik; urtean 200.000 hondakin inguru jasotzea aurreikusi dute. Jaurlaritzak dagoeneko eman dio lanak egiteko baimena Larke 360 enpresari. Azkaraten kokatutako gunean askotariko hondakinak bilduko, sailkatuko eta tratatuko dituzte. EH Bilduren eta Azkoitia Bairen udal taldeek bozeramaileen batzordea deitzeko eskatu diote Udal Gobernuari.

Zabaltzeko data zehatzik ez bada ere, eraikuntza hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko gune bat eraikiko dute Azkoitian. Hain zuzen ere, askotariko  hondakinak bilduko, sailkatuko eta tratatuko dituzte Azkarate gainaren ondoan egokituko duten eremuan. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak baimendu du gunea egokitzea dagoneko; izan ere, atzoko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zuen baimen hori.

Larke 360 SL enpresak kudeatuko du Azkoititik Elgoibarrera bidean, Azkarate mendatearen gainaldean, dagoen tunelaren ondoan eraikiko duten eremua. Lursailak, guztira, 36.898 metro karratuko azalera izango du, eta urtean, gehienez, 183.390 tona hondakin kudeatuko dituzte bertan.

Aldizkarian gune horren inguruko hainbat xehetasun jaso dituzte, hala nola zer motatako hondakinak bilduko dituzten han. Besteak beste, eraikuntza materialak, produktu zeramikoak —adreiluak, teilak eta eraikuntza materiala fabrikatzean sortutako hondakinak—, plastikoak, kautxu sintetikoak eta zuntz artifizialak ekoiztean sortutako hondakinak, metalak eta horien aleazioak nahiz amiantoa duten isolamendu eta eraikuntza materialak.

Azkaraten kokatutako lur sail hori betelanetarako erabiltzen dute gaur egun. Dena den, Larke 360 enpresak dagoeneko jaso du gunea hondakin ez arrikutsuentzat egokitzeko lanak egiteko baimena, eta orain udalari dagokio lan horien izapideak egitea. Eraikuntza lanak, bi fasetan egingo dituzte. Lehen fasean, lursailaren mendebaldeko zatia egokituko dute: sarbideko errepidea, bulegoak, baskula eta komun kimikoa (3.685 m2). Bigarrenean, berriz, mendebaldeko zatia egokituko dute (21.517 m2).

Azkoitiko Udalak UROLA KOSTAKO HITZAri azaldu dionez, Jaurlaritzak baimena emanda, udalaren egitekoa da gune horren izapideak egitea “beste aktibitate ekonomiko bat bezala”.

Bozeramaileen batzordea egiteko eskaera

"Kezka" agertu dute udaleko oposizioko alderdiek, eta EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak gaur bertan bozeramaileen batzordea egitea eskatu diote Udal Gobernuari.

Azkoitiko EH Bilduk azaldu duenez, koalizioak gaur jaso du gunea egingo dutela zioen berria. "Zabortegiak metal astunak jasotzeko aukera izango du, hala nola kobrea, alumunioa, beruna eta zinka, baita amiantoa ere", azaldu dute koalizioko kideek. Lehen unetik "oso kezkatuta" daudela eta "gaia aztertzen" ari dela azaldu dute: "Gaia oso larria da, eta gertutik ari gara jarraitzen".

Hondakinen gunearen lehen berria gaur jaso izana salatu du Azkoitia Bai herri plataformak ere.  "Udal Gobernuak bazekien lehendik zerbaitetan ari zirela, baina guk ez", azaldu dute plataformako kideek. Gainera, horiek zalantzan jarri dute udalak gune hori eraikitzearen aurka zerbait egiterik izango duen, eraikitzeko baimena Eusko Jaurlaritzak eman duelako. Halere, gunea ez eraikitzeko "ahal den guztia" egingo dutela adierazi dute Azkoitia Baiko kideek.

Azkoitiko PSE-EE ere kexu agertu da berria "prentsaren bitartez" ezagutu duelako. Javier Zubizarreta alkateak gaiaren inguruan emandako pausoak ez zaizkio "zintzoak" iruditu alderdi sozialistari. "Alkateak informazioa eman behar zigun, lehentasunezko bazkideak baigara udalean. Halere, uste dugu gainerako alderdi politiko guztiek ere izan behar zutela gaiari buruzko informazioa", gaineratu dute. Azkoitian hondakinen kudeaketaren gaiarekiko "sentisibilitate handia" dagoela azaldu du PSE-EEk, eta horrelako egoera batek "herri guztiari" eragiten diola azpimarratu du. "Ezinegona" erakustearekin batera, alkateak gaia ez duela "behar bezala" eraman adierazi du alderdi sozialistak.

(PDF) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide