Hiru udaltzain berri izango dira gaurtik aurrera Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2020ko apirilaren 3a

Hiru udaltzain berrietatik bi hasi dira lanean jada, eta hirugarrena, astelehenean hasiko da. Koronabirusa dela eta, hainbat herritako udaltzaingoaren zerbitzuak indartu dituzte Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak.

Azkoitiko udaltzaingoan hiru udaltzain berri izango dira gaurtik aurrera; hiru agente horietatik bi dagoeneko hasi dira lanean, eta hirugarrena, astelehenean batuko da lantaldera. Hori dela eta, guztira hamabost udaltzain izango dira Azkoitian: udaltzainburua, hiru kabo, hamar agente eta administrariak; udaltzain horietatik bost, emakumeak dira.

Koronabirusa dela eta, hainbat herritako udaltzaingoaren zerbitzuak indartu dituzte Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak. Hain zuzen ere, erakunde horiek erabaki dute plaza aterata duten udaltzainei eta Arkautiko (Araba) akademian formakuntza jasotzen ari direnei lan egiteko aukera eskaintzea. Azkoitian hiru agente zeuden egoera horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide