Alemanian bizi izan den azkoitiarra

Asier Andreu: "Alemaniako herritarren artean ziurgabetasuna nabaritzen dut"

Andoni Elduaien 2020ko mar. 20a, 10:11

Alemanian bizi da Asier Andreu, baina koronabirusaren krisia igaro arte Azkoitira itzultzea erabaki du. Alemanian egoerari erantzun azkarra eman diotela azaldu du.

Asier Andreu (Azkoitia, 1993) Alemanian bizi da 2018az geroztik, Hessen estatu federatuko Darmstadt hirian. Gune horretan egon da orain arte, eta koronabirusak Alemanian ezarri duen egoerara egokitzen ahalegindu da; esaterako, lana egiteko "zuzeneko eragina" izan duela azaldu du azkoitiarrak. Halere, eta egoera bere onera itzuli arte, Azkoitira itzultzeko erabakia hartu du.

Zein da egun Alemaniako egoera?

Alemaniako egoera ez da Euskal Herrian eta Europako beste hainbat herrialdetan bezain larria. Kezkagarria izaten hasia da, ordea, 6.000-7.000 lagun inguru baitaude koronabirusak kutsatuta. Momentuz, eta zorionez, heriotza-tasa oso baxua da.

Nola ari dira bizitzen han egoera?

Duela pare bat egunera arte ohiko egoera izan genuen. Nahiz eta merezi duen garrantzia eman zaion sare sozialetan eta komunikabideetan, ez genuen ikara egoerarik bizi. Azkeneko egunetan, ordea, gero eta neurri zorrotzagoak hartu dituzte, bai herrialdean, bai lurraldeetan. Alemaniako herritarren artean ziurgabetasuna nabaritzen dut koronabirusagatik.

Zein dira momentuz Alemaniak hartu dituen neurriak?

Batik bat, bi mailatan antolatu dira. Alemaniako Gobernuak neurri batzuk hartu ditu, baina interpretazioa lurraldeetan ere ari da aplikatzen. Momentuz, neurri nagusia muga fisikoak ixtea izan da. Jende pilaketa handiak sortzen diren ekitaldiak ere bertan behera utzi dituzte: antzerkiak, kontzertuak, kirola... Lurralde bakoitzak erabaki du ekitaldi horietako bakoitzerako jende kopuruaren muga.

Eta egoera horrek nola eragin du gizartean?

Hori izan da niretzat harrigarriena. Alemaniako gizarteak oso azkar eta egoki erantzun dio krisiari. Nahiz eta legez behartuta ez dauden, neurriak hartzen ari dira herritarrak. Alemaniarrak, orokorrean, etxezaleak dira. Kalean ibiltzea baimenduta dagoen arren, oso jende gutxi ikusten da.

Neurri gehiagoren beharra dagoela uste al duzu?

Egoeraren bilakaeraren araberakoa izango da hori. Halere, eta behar izanez gero, neurri larriak hartzeko prest daude guztiak. Alemaniako gizartea oso kontzientziatuta ikusten dut.

Heriotza-tasa oso baxua da Alemanian.

Heriotza datuak baxuak izateak oso ondo adierazten du osasun sistema nolakoa den. Estatistiken arabera, biztanle bakoitzeko Alemanian dagoen mediku kopurua Europako altuenetakoa da, baita larrialdi zerbitzuetan biztanleko dagoen ohe kopurua ere. Bestalde, oso antolatuak dira alemaniarrak kulturalki; edozer gauza dela ere, gustuko dute protokoloak egitea eta horiek jarraitzea. Atzerritarrontzat askotan protokoloak jarraitzea buruhaustea izaten da; prozesu erraz bat asko zailtzen dute pauso askok. Kasu honetan, ordea, koronabirusaren kutsadura saihesteko oso neurri zorrotzak ezarri eta pausoak oso ondo markatu dituzte, arrisku egoeran dagoen jendea babesteko.

Lanerako eragozpenik izan al duzu?

Koronabirusak zuzenean eragin dit lana egiterakoan. Derrigorrezkoa ez den arren, datozen bi asteetan etxetik egingo dut lana. Egoera bere onera itzuli arte, Azkoitira itzuliko naiz, eta telelana egingo dut. Software munduan aritzen naiz lanean, eta azken hilabeteetan bidaiatzen jardun dut, bezeroak bisitatzen. Aurrerantzean, ordea, bezeroen nahiz gure bisitak bertan behera uztea erabaki dugu.

Alemanian ere Euskal Herrian ikus daitezkeen antzeko irudiak al dituzue?

Alde batetik, Euskal Herrian dagoen larrialdi mailara ez dira iritsi oraindik Alemanian, baina aurreikuspenen arabera, posible da iristea. Bestetik, kalean poliziarik-eta ez da ikusten; kaleak hutsik daude, baita tabernak eta jatetxeak ere. Egoera ez da zorroztasun maila handira iritsi oraindik. Supermerkatuetan ere komuneko papera eta eskuetako xaboia janaria baino garrantzitsuagoak bihurtu dira; bestelako apalategiak ohiko moduan daude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide