Atzo, martxoak 16, bildu zen azkenekoz Azkoitiko Jarraipen Mahaia COVID-19ren inguruko azken neurriak hartzeko. Ez EH Bilduk eta ez Azkoitia Baik, ez dute ordezkaririk mahai horretan, "hasieratik eskatu arren". "EH Bilduko bozeramaileak bozeramaile batzordean Larrialdi mahaian parte hartzeko eskaera egin zuen eta jaso zuen erantzuna ezezkoa izan zen", azaldu dute koaliziotik.
Joan den ostiralean egin zuten Azkoitian lehen eta azken bozeramaile batzordea, eta koalizio abertzaleak kexu azaldu da azken neurriak "komunikabideen bidez" ezagutu dituztelako. Hori dela eta, Jarraipen Mahaian parte hartzea eskatu du Azkoitiko EH Bilduk. "Egoera larri honi aurre egiteko ezinbestekoa da guztion parte hartzea; horregatik, beharrezkoa ikusten dugu herritarren ordezkari guztiok izatea ordezkaritza Jarraipen Mahaian", gehitu dute. Halaber, EH Bilduk "eskua luzatu" dio udal gobernuari "ezohiko egoera honetan herritarren mesederako elkarlanean aritzeko".
EH Bilduk erakundeetatik ezarritako neurriak "errespetatzeko" eskatu die herritarrei, eta ongi aurkitzen diren eta ahal duten gazteei boluntario sarean "parte hartzeko" deia egiten die.