Hainbat neurri hartu dituzte Azkoitian koronabirusaren eraginagatik

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 12a

Herriko erakunde gehienak Osasun Sailak emandako neurriak hartzen hasi dira, gaixotasuna herrian zabaltzea saihesteko.

COVID-19 birusaren zabaltzea saihesteko erakundeetatik iritsitako aholkuak ari dira jarraitzen Azkoitian. Gaixotasunak adinekoengan eta aurretik patologia jakin batzuk dituzten pertsonengan eragiten du gehien, baina oraingoz ez da koronabirus kasurik antzeman. Hori dela eta, adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan neurriak hartu dituzte dagoeneko. Azkoitiko San Jose egoitzan, esaterako, pertsona bakar baten bisitak jasoko dituzte egoiliarrek egunean ordubetez. Gainera, bestelako jakinarazpenik eman bitartean, beti pertsona berak joan ahal izango du egoiliarra bisitatzera. Egoitzara sartzerakoan tenperatura hartzen zaie bisitariei, eta horiek eskuak garbitu behar izaten dituzte gunera sartzerakoan nahiz irteterakoan.

Arabako eskoletan hartutako erabakiari jarraituz, Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxe guztiak ixtea edo aurrez aurreko jarduera etetea erabaki du gaur Eusko Jaurlaritzak eta erabaki horrek eragina izango du Azkoitiko eskoletan ere, guztiek ateak itxi beharko baitituzte. 13:00etarako deitu duen prentsaurrean eman ditu erabakiaren inguruko azalpenak Eusko Jaurlaritzak. Azaldu dutenez, etenaldiak hamabost eguneko iraupena izango da eta bihar, martxoak 13, jarriko dute neurria indarrean. Horrenbestez, itxita izango dira bihartik aurrera Xabier Munibe Ikastola, Floreaga Ikastetxea, Azkoitia BHI eta Izarraitz Lanbide Heziketa, eta Hizkuntza Eskola ere bai. Nolanahi ere, eskola-jardueraren aldi baterako etenaldia "etenalditzat ez" hartzeko eskatu du Jaurlaritzak. "Ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi diezaioten", azaldu dute. Modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izateko, ikastetxeetako langileak beren ohiko ordutegian mententzea erabaki du Jaurlaritzak, eta irakasleek prestatu beharko dute material didaktikoa, gero ikasleen eskura jartzeko. Horrez gain, Osasun Sailak gomendatu du, nahiz eta ikasleek "etxeko bizitza normala" egin dezaketen, "ahal den neurrian saihestu" egin behar dutela taldeko jarduerak egiten diren "esparru itxietan egotea". Era berean, osasun-agintarien "gomendioak betetzeko" eskatu dute, hartutako neurriek "birusa kontrolatzen" lagunduko dutela uste baitute.

Azkoitiko Udalak gaur jakinarazi du Eudelek emandako jarraibideak eta aholuak ari direla jarraitzen udalean. Gaur, ordea, Plaza Ondo Jubilatuen elkartea itxi egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako gomendioari jarraituz. Ileapaindegi zerbitzuak zabalik jarraituko du, baina hitzorduak telefonoz egiteko eskatu dute. Informazio gehiago eman arte, elkartean ez dute ekintzarik egingo. Ongizate Sailak antolatu zuen erorikoak prebenitzeko tailerra bertan behera gelditu da. Halere, udalak azaldu du neurriak hartu ahala jakinaraziko dituela. 

Bestalde, pertsona kopuru handiak biltzen dituzten ekintzen gaineko erabakiak ere hartu dituzte erakundeek, eta horrek eragina izan du herriko kirol talde eta probetan. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia martxoaren 28an jokatu ala ez kolokan dago, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren jarraibideak betez, hainbat jarduera bertan behera gelditu dira. Eskola kirola bihartik aurrera bertan behera geldituko dela jakinarazi du Foru Aldundiak, entremamenduak barne. Euskadiko eta Gipuzkoako Futbol Federazioek ere datozen jardunaldiak bertan behera utzi dituzte. Ondorioz, Anaitasuna futbol taldeko kideek ez dute entrenamendurik eta partidarik izango datozen hamabost egunetan. Espainiako eta Euskadiko Saskibaloi Federazioen aginduz, Iraurgi Saskibaloia klubeko talde guztien partidak eta entrenamendu denak ere bertan behera gelditu dira. Gauza bera gertatu da pilotan ere. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren eskumeneko lurralde mailako txapelketa guztiak bertan behera gelditu dira. Oteiza Pilota Kirol Elkarteko pilotarien entrenamenduak bertan behera gelditu dira, baita Atano III.a pilota txapelketa ere. Zubiaurre Igeri Elkarteak ere eguerdian eman du berria, eta elkarteak bertan behera utzi ditu ekintza guztiak. Eskola Kirola ere bertan behera gelditu da. Elkargunea ixteko erabakirik ez da hartu momentuz, eta irekita jarraitzen du.

Kultur eta aisialdi ekitaldiak ere ari dira bertan behera uzten. Mataidexek iragarri du datozen bi asteetarako aurreikusita zituzten ekintza guztiak bertan behera utziko dituela. Horrela, Trini Fox eta Hartz taldeek zapatu gauean eman beharreko kontzertuak ez dituzte egingo -Ataraxia diskoa aurkeztu behar zuen Matadeixen Trini Foxek-, eta Erika Olaizolak ezingo du Panpina taularatu igandean; Mataderiko Antzerki Jardunaldien barruko bigarren emanaldia izan behar zen aktore azpeitiarrarena. Martxoaren 21erako iragarritako Soinu Sistema Gaua ere ez dute egingo Matadeixen. Alai Batza salestarren aisialdi elkarteak ere jarduna etetea erabaki du "egoera hobetu arte"; besteak beste, martxoaren 28an Baztartxo antzokian egitekoak ziren AB Talentu Festa ez dute egingo. Urola Bizirik taldeak, berriz, Ingurumen Astearen barruan bihar egin behar zuten dokumental emanaldia bertan behera uztea erabaki du, baina igandeko zuhaitz landaketari bere horretan eutsiko diotela esan du.

Azkoitiko parrokia ere hasi da neurri zehatz batzuk hartzen. Gipuzkoako Bikaritzak ohar bat helarazi zien elizbarrutiko parrokiei larunbatean, eta Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak Maxixatzeni adierazi dionez, Azkoitiko parrokian ere zenbait neurri hartu dituzte. Hain zuzen ere, elizaren sarrerako ur bedeinkatua kendu dute, bakea ematerakoan eskurik ez erabiltzeko gomendioa egin dute eta jaunartzean jauna ahora eraman beharrean eskura ematea eskatu diete eliztarrei. Halaber, jauna ematen duten eliztarrei jauna eman aurretik eta ondoren eskuak garbitzeko eskatu diete. 

Enpresetan ere ari da eragiten koronabirusa. Sammic lantegian, adibidez, beharginen arteko kontaktua ahalik eta txikiena izan dadin, aldaketak egin dituzte. Sammic-eko ordezkari batek Maxixatzeni adierazi dionez, besteak beste, langile gehienak erreleboan hasi dira lanean, bi erreleboen aldaketan langileek kontakturik ez izateko neurriak hartu dituzte, sail bakoitzak bere komunak erabiliko ditu... "Helburua da langileek elkarrekin ahalik eta kontaktu gutxiena izatea", azaldu du Sammic-eko ordezkariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide