Jexuxmari Mujika: "Botereari ez zaio interesatzen pentsatzen duen jendea"

Andoni Elduaien 2020ko martxoaren 11

'Pentsatzearen eta entzutearen artea' hitzaldia eskainiko du gaur Jexuxmari Mujikak Azkoitian, 15:30ean. Bizenta Mogel elkarte sozio-kulturalaren lehen saioa da gaurkoa.

Azkoitiko Bizenta Mogel elkarte sozio-kulturalak antolatutako hitzaldi zikloa gaur hasiko da. Jexuxmari Mujika (Aizarna, 1946) etika irakasle ohiak eskainiko du lehen solasaldia, Elkargunean, eta pentsatzeari eta entzuteari buruz arituko da.

Zeri buruz hitz egingo duzu hitzaldian?

Gaur egun pentsatzea gero eta zailagoa da. Gizarteko botereei, izan ekonomikoa, politikoa, erlijio mailakoa edo kulturala, pentsatzen ez duen jendea komeni zaie, horiek nahi den tokira eraman baitaitezke. Pentsatzeko, entzuten jakitea ezinbestekoa da.

Egun gero eta talde gehiago sortzen da hainbat gairi buruz hitz egiteko.

Oso garrantzitsua da zenbait gairi buruz hitz egiteko jendea biltzea eta elkarrizketa izaten ikastea. Indar handia dago jendea nahi den bidetik emateko. Etengabeko informazioa ematen digute, baina hori barneratzeko eta behar bezala onartzeko ez dugu gaitasunik. Egoera horri aurka egiteko, gai eta interes desberdinetako jendea biltzea guztiz positiboa da.

Gizartea gero eta azkarrago bizi da. Behar adina denbora hartzen al da pentsatzeko?

Gaurko tranparik handienetakoa da jendea presaka biziaraztea eta informazioa etengabe ematea. Denbora guztian okupatuta eta entretenituta dago egungo gizartea; patxadaz eta lasai ezer egiteko gaitasunik ez dugu. Mezuak oso motzak eta azkarrak dira, telebistako titularren modukoak, eta horrekin bakarrik guztiaz jabetzen garela pentsatzen dugu. Pentsatzen ikasteko patxadaz eta lasaitasunez hartu behar dira kontuak, eta batez ere, ausardia behar da. Pentsatuta zalantza sortzen
da, ziurtasuna joan egiten da. Ingurukoekin desadostasunak sortzen badira, gainera, bakarrik geratzeko arriskua handiagoa da.

Pentsatzearen eta entzutearen artea du izena hitzaldiak. Zergatik artea hitza?

Gaztelaniazko el arte de pensar esaldia aspaldikoa da, baita Eric Frommen maitasunaren artea ere. Artea ez da artista ezagun bat izatea. Artea egin nahi dena lantzea da. Pentsatu ere pentsatzen saiatuz egin daiteke bakarrik, eta entzun, entzuten ikasiz. Ohituta gaude elkarrizketa bat pilota partida bat balitz bezala hartzen. Pilotan kontua ez da ondo edo gaizki jokatzea, baizik eta 22 tantora lehena iristea; irabazi egin behar da. Elkarrizketan, berriz, ez. Elkarrizketetan, batek pentsatzen duena esaten du, eta besteak entzun egiten du. Entzun, ordea, ez zer erantzun emango duen pentsatuz, baizik eta bestearengatik zer ikas dezakeen pentsatuz. Egungo elkarrizketetan entzun beharrean, guztiak batera hitz egiten dute, elkarri irabazteagatik; hori ez da elkarrizketa. Elkarrizketa egokia norberarekin elkarrizketa izatea da. Norbere buruarekin elkarrizketa duenak, beste pertsonekin ere izan baitezake elkarrizketa.

Pentsatzearen eta entzutearen aurrean, hitzak al du indarra?

Hitzak garrantzia izugarria du. Ezinbestekoa da hitz egiten jakitea eta gauzak azaltzeko gaitasuna lantzea. Hori asko hitz eginez eta elkarrizketan jardunez ikasten da soilik. Gaur egun, ordea, oso gutxi lantzen da. Desira eta borondatea bi gauza desberdin dira, eta horiek lantzen ikastea da pentsatzen eta entzuten ikastea. Botereari ez zaio interesatzen pentsatzen duen jendea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide