Hasi da Azkoitian Urola Bizirik taldearen Ingurumen Astea

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 10a

Aitziber Sarobe eta Iñaki Aizpuru biologoek basoen egoeraz hitz egin dute gaur Elkargunean. Ostiralean eta igandean izango dira Ingurumen Asteko hurrengo hitzorduak.

Gaur hasi da Urola Bizirik taldeak antolatu duen Ingurumen Astea. Elkarguneko Oteiza aretoan izan da lehen hitzordua eta hogeitaka lagun elkartu dira han, Aitziber Sarobe eta Iñaki Aizpuru biologoek eman duten hitzaldia entzuteko eta Lurgaia Fundazioaren aurkezpena jarraitzeko.

Basoen kudeaketa ereduak izan dituzte hizpide Sarobek eta Aizpuruk. Besteak beste, gurean erakundeetatik urteetan sustatu den eta sustatzen jarraitzen den monokultibo intentsiboaren ereduaren ajeez hitz egin dute Sarobek eta Aizpuruk –pinuena orain arte, gaitzak jotako zuhaitz horren ordez landatzen ari diren espezieena orain–, eta eredu hori aldatzearen beharra aldarrikatu dute.

Hurrengo hitzorduak

Beste bi ekitaldi ditu aurretik Urola Bizirik taldearen Ingurumen Asteak. Ostiralean, hilak 13, Aralar, Mundua leku den lurra dokumentala eskainiko dute Baztartxo antzokian, 19:30ean. Igandean, azkenik, zuhaitz landaketa egingo dute Agerre baserriaren lurretan. Landaketan parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, urolabizirik@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide