Urola Bizirik taldeak Ingurumen Astea antolatu du aste honetan. Aurten antolatu du natur taldeak lehen aldiz ingurumenari lotutako astea, eta aste osoko egitaraua prestatu dute. Asteartetik igandera bitartean hitzaldia, dokumental emanaldia eta zuhaitz landaketa egingo dituzte.
Bihar, asteartea, Elkarguneko Oteiza aretoan Bertako basoen berreskurapena hitzaldia emango dute Aitziber Sarobek eta Iñaki Aizpuruk, 19:00etan. Gainera, Lurgaia Fundazioaren aurkezpena egingo dute solasaldiarekin batera. Ostiralean, berriz, Aralar, Mundua leku den lurra dokumentala eskainiko dute Baztartxo antzokian, 19:30ean.
Igandean, martxoak 15, zuhaitz landaketa egingo dute Agerre Baserrian. Laja Jatetxeko aparkalekuan elkartuko dira 09:15ean, handik zuhaitzak landatzera Agerre baserrira joateko. Urola Bizirik taldeko kideek azaldu dutenez, zuhaitz landaketan parte hartzeko izena eman beharko da urolabizirik@gmail.com helbide elektronikoan.