Atzoko sutea eta heriotzak direla-eta adierazpena plazaratu dute Azkoitiko udal taldeek

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 7a

Hildakoen familiei, herritarrei eta komunikabideei zuzendutako mezuak zabaldu dituzte Azkoitiko EAj, EH Bildu, PSE-EE eta Azkoitia Bairen udal ordezkariek.

Azkoitiko Udaleko EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Azkoitia Baik adierazpen bateratua plazaratu dute gaur eguerdian, atzoko txurro dendaren sutearen eta han hildako bi pertsonen gainean. Hildakoen gertukoei doluminak adieraztearekin batera, herritarrei zein hedabideei tentuz eta errespetuz aritzeko dei egin diete udal ordezkariek

Hau da adierazpena, osorik:

"Atzo arratsaldean Ibaiondo kalean zegoen txurro dendak su hartu zuen eta bertan bi pertsonaren gorpuak agertu ziren. Gertaera latz horren aurrean, Azkoitiko Udaleko EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Azkoitia Bairen izenean gure doluminak bidali nahi dizkiegu hildako gazteen familiei eta gertukoei momentu gogor honetan.

Bestalde, zurrumurruak alde batera uzteko deia egin nahi diegu herritarrei, eta iturri ofizialen zain egoteko, edonolako informazioa zabaltzen hasi aurretik.

Azkenik, komunikabideei jazotakoaren inguruan errespetuz jarduteko eskatu nahi diegu, sentsazionalismoa alde batera utziz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide