Bi pertsona hil dira Azkoitiko txurro dendan izan den sutean

Andoni Elduaien 2020ko mar. 6a, 19:28

18:00 aldean piztu da sua eliz atari aurreko txurro dendan. Ertzaintzak oraindik ez du argitu zerk eraginda piztu den sua, baina dagoeneko baieztatu dute bi lagun zeudela guztiz kiskali den saltokiaren barruan. 25 urteko gizonezkoa eta 23 urteko emakumezkoa dira hildakoak, Barakaldoko bizilagunak.

Txurro-dendako suteko irudi bat.

Bi lagun hil dira Azkoitiko eliz atariaren ondoan zegoen eta su hartu duen txurro dendan izan den ezbeharrean. Hala baieztatu dio Ertzaintzak Urola Kostako Hitzari. 18:00 aldean piztu da sua, eta guztiz kiskali da saltokia. Sua itzaltzean, bi lagun aurkitu dituzte dendaren barruan.

25 urteko gizonezkoa eta 23 urteko emakumezkoa dira hildakoak, Barakaldoko bizilagunak. Azkoitiko Udalak Urola Kostako Hitzari jakinarazi dioenez, otsailaren 3an eskatu zuten txurro saltokia herrian jartzeko baimena. Azken lau bat urteetan, "gutxienez", jarri izan dute Azkoitian atzo suak hartu zuen txurro saltokia.

Suteak sekulako sugarrak eta kea sortu ditu. Ertzaintzak Urola Kostako Hitzari azaldutakoaren arabera, txurro denda itxita zegoen sua piztu denean. Dena den, oraindik ez dakite sua nola piztu den. Lekukoen arabera, ordea, sua pizterako eztanda txiki bat izan da txurro dendaren barruan.

Azpeitiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta Azkoitiko Udaltzaingoa bertaratu dira ezbeharrera, eta ingurua babestu dute lehenik. Ertzaintzak azaldu duenez, txurro denda ondoan hainbat butano bonbona zeuden eta horiek ingurutik kendu dituzte gerta zitezkeen "leherketak saihesteko". Halere, leherketa txiki batzuk izan dira sutea tarteko.

Hainbat babes neurri hartu dituzte sua itzali aurretik eta ondoren; adibidez, Ibaiondo kalea erabat itxi dute. Ertzaintza ezbeharra ikertzen ari da uneotan.

Suteko argazki bilduma ikusteko egin klik hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide