Joseba Beristainek konposatutako 'Elkano' interpretatu du Azkoitiko Musika Bandak

Nerea Uranga 2020ko martxoaren 1a

Azkoitiko Musika Bandak kontzertu berezia eskaini du gaur, eguerdian, Baztartxo antzokian. Bost filmen musika bandak jo ditu zuzenean; Joseba Beristain azkoitiarrak konposatutako 'Elkano', tartean. Beristaini "omenaldi txiki bat" egin nahi izan dio Azkoitiko bandak.

Pixar Movie Magic (Michael Brown), Aladdin (Paul Jennings), Elkano (Joseba Beristain), Nighlights from Brave (Sean O'loughlin) eta How to train your dragon (John Powell) filmetako musika bandak jo ditu gaur Azkoitiko Musika Bandak, Ismael Condek zuzenduta. Kontzertua Azkoitiko Baztartxo antzokian izan da, 12:30ean hasita.

Haur eta gaztetxoei zuzendutako saioa izan da, eta musika bandak zuzenean jo dituzten bitartean, filmetako irudiak ikus zitezkeen Baztartxoko pantailan. Elkano, lehen mundu bira filmerako Joseba Beristain konposatzaile azkoitiarrak egindako Elkano zuzenean jo ondoren, Beristain bera agertoki gainera igotzera gonbidatu dute bandakoek. "Omenaldi txiki bat" eginez, oroigarri bat eman diote Beristaini. "Ez da erraza musika banda hau interpretatzea, eta eskerrik asko Azkoitiko Bandari. Ederra da herrian eta herriko banda zuzenean jotzen entzutea", adierazi du Beristainek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide