Ainhize Azpiazu - Kirol Orientazio Zerbitzuko gidaria

"Helduek ere helburuak eta ilusioak izan behar dituzte"

Andoni Elduaien 2020ko otsailaren 19a

Ainhize Azpiazu (Azkoitia, 1996) da Azkoitiko Kirol Orientazio Zerbitzuko arduradun berria. Bere egitekoa zein den azaldu eta lehen asteko balorazioa egin du.

Hasteko eta behin, zer da Kirol Orientazio Zerbitzua?

Askok uste du zerbitzu honetara jotzen duten herritarrei ariketak egiteko esango diedala, baina hori ez da horrela. Azkoitiko kirol zerbitzuen orientatzailea izango naiz ni. Nigana etortzen den pertsonaren beharren, gustuen eta egunerokotasunaren arabera, era batera edo bestera bideratuko dut. Bizitza aktiboagoa izateko asmoarekin, pertsona batzuk taldeko jarduera fisikoetara zuzenduko ditut, eta beste batzuei, etxean egiteko ariketak emango dizkiet.

Entrenatzailea edo begiralea ez zarela garbi utzi behar da, beraz.

Ez naiz begiralea, ez. Pertsona bakoitzaren kasua aztertuta, zer ariketa egin ditzakeen ikusi eta horietara nola bideratu erabakiko dut. Nik ez dut inor ezer egitera behartuko; pertsonen babesa izango naiz. Askotan lehen urratsa da esertzea, hitz egitea eta pertsonen belarriak irekitzea. Haiekin dudan tratua gertukoa eta goxoa izango da, eta ez entrenatzaile batekin izan ohi denaren modukoa.

Zein da zure egunerokoa?

Goizez egiten dut lan, eta bulegoko telefonoa 09:00etatik 12:00etara dago martxan. Astearteetan, anbulatorioan egoten naiz medikuek eta erizainek bideratutako pazienteekin. Ostegunetan, berriz, Kultur Etxeko hirugarren solairuan norbere kasa iritsi diren herritarrekin hitzorduak ixten ditut, 10:00etatik 12:00etara. 688 76 39 63 telefonora edo koz@azkoitia.eus helbide elektronikora ere idaz dezake interesatuak. Gainontzeko egunetan, zerbitzura etorri diren pertsonen kasuak aztertzen ditut.

Nori dago zuzendua orientazio zerbitzua?

Ikusi zuten Azkoitian zahartzaro garaian daudenen tasa handia dela. Behar bat ikusi zuten, hor jarduteko eta eragiteko. Mugiment egitasmoa, ordea, edozein profiletara dago bideratuta, eta beraz, nik ez dizkiot ateak itxiko 18 urteko gazte bati; mugimendu gutxiko pertsonei dago zuzenduta zerbitzua, haiek bizitza osasuntsuagoa, aktiboagoa eta ohitura hobeak izan ditzaten.

Nola ezagutzen dituzu pertsona bakoitzaren beharrak?

Hasteko, elkarrizketa moduko galdetegi bat egiten diot pertsonari; pertsona ezagutzen dut, egunerokotasunean duen aktibotasun maila zein den jakiteko. Ikusten dut bere errutina nolakoa den eta aktiboa izateko zein jarduera egin ditzakeen. Bere nahien, jarduerarako duen motibazioaren eta abarren inguruan galdetzen diot. Profila aztertu, eta horren arabera ikusten dut nondik nora jo nahi duen. Pertsona helduek ere helburuak eta ilusioak izan behar dituzte.

Nolakoa da azkoitiarren osasun egoera?

Mugitzen garena baino gehiago mugitzen garela uste dugu, eta gizarteko arazoa da hori; ez da Azkoitiko arazoa bakarrik. Gorputza mugitzeko sortua dagoen makina da; adin batetik aurrera, ordea, utzikeriagatik edo ez delako nahi, ez dugu erabiltzen. Egunero ogia erostera autoarekin joan beharrean oinez joatea edota ilobarekin ikastetxetik etxerako bidea oinez egitea txikikeriak dira, baina bizitza askoz osasuntsuagoa egiten dute jarrera horiek. Ariketa egunero eginez gero, osasuntsuagoa izango da pertsona, baina ezer egin ezean, gero eta alferragoak bihurtzen gara. Horren aurrean, laguntzailea eta orientatzailea izango naiz ni; halere, bakoitzaren eskuetan dago ariketak egitea.

Nolako harrera izan du zerbitzuak lehen astean?

Oso ondo joan da. Asteartean anbulatoriora etorri ziren herritar batzuk, eta lehen hartu-emana izan nuen haiekin. Elkar ezagutu eta haien gustuak eta egoerak ezagutu nituen. Pertsona haien kasuak aztertzen ari naiz orain. Biharko, berriz, baditut hitzordu batzuk. Orain, bilerak egin nahi ditugu herriko begiraleekin eta hainbat eragilerekin. Beren eskaintzak ezagutu nahi ditut; hutsunerik badago, horiek hautemateko.

Zer-nolako jarduerak gomendatuko dituzu?

Pertsonaren arabera, etxean poliki-poliki egiten joateko ariketen fitxa eman diezaioket pazienteari, baina baita kiroldegiko aquagym saioetara joateko, margotzeko ikastaroan izena emateko edo erosketak egitera oinez joateko gomendioa eman ere. Kirol hezkuntzarik ez duen pertsona asko dago, eta alor horretan ere eragin nahi dut zerbitzu berri honen bitartez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide