Virginia Belategi - Hezkuntza kontzientean aditua

"Menopausiaz hitz egitea askatzailea da"

Ane Olaizola 2020ko ots. 18a, 09:33

Emakumeak ahalduntzeko tailerren barruan, menopausiari buruzko ikastaroa eskainiko du Virginia Belategik Azkoitian. Martxoaren 4an hasiko da, eta sei saio emango ditu guztira.

Menopausiaren inguruan dagoen iruditegia irauli, eta ikuspuntu positiboagotik jorratzen du gaia Virginia Belategi komunikazioan eta hezkuntza kontzientean adituak (Durango, Bizkaia, 1966). Garai hori ahalik eta ondoen bizitzeko orientabideak eskainiko dizkie emakumeei Azkoitian emango dituen saioetan, baina formazioaz haratago, meditazioa ere landuko dute. Hilaren 28ra artean eman daiteke izena ikastaroan, udaletxeko harrera bulegoan, 943-08 00 80 telefono zenbakian edo berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikoan.

Zer azalduko duzu tailerrean?

Bi helburu ditu ikastaroak: batetik, menopausiak dakarren aldaketa prozesu horretan emakumeei tresnak eskaini nahi dizkiegu; bestetik, desmitifikatu egin nahi dugu sasoi horren inguruan dagoen iluntasuna.

Menopausia garaira iritsi nintzenean, ohartu nintzen ez nuela inolako informaziorik gaiaren inguruan, eta nire hausnarketa zera izan zen: "Gutxi gorabeherako formazioa eta ibilbidea izanda menopausiaren inguruan ezer ez badakit, gainerako emakumeak ere antzerako ibiliko dira". Hori da tailerraren muina. Horrez gain, menopausiari egozten zaizkion arazoetako asko horri lotuta ez daudela erakutsi nahi dut, eta arazoak saihesteko ohitura osasungarriez ere hitz egingo dugu.

Beraz, saio praktikoak zein teorikoak egingo dituzue.

Hormonen inguruko atal bat badago, bakoitzak uler dezan garai horretan zer aldaketa izaten dituen. Baina saioak, batez ere, praktikoak dira: arlo fisikoan elikadura landuko dugu, eta psikikoan emozioak hobeto kudeatzeko tresnak emango ditugu.

Gizarteak zer mito eraiki ditu menopausiaren inguruan?

Mito nagusia da emakumeon ugalketa zikloa amaitzen denean feminitatea eta bizitzako esparru asko agortu egiten direla. Gutxietsi egin dugu garai hori, eta presio hori aurreko beulaunaldietan ez da egon; aurrekoek ez zuten halako presiorik beti eder, gazte eta martxan egoteko. Presioetatik aldendu eta menopausiak zer aukera eskaintzen dizkigun erakutsi nahi dugu. Saioetan, horretaz hitz egiten dugunean, kosta egiten zaigu ikustea menopausiak zer aukera dituen; asko ditu, ordea. Horiei etekina ateratzea da asmoa.

Zer aukera ematen ditu?

Menopausia ez da soilik prozesu hormonal bat. Bizitzaren etapa oso bat aldatzen hasten da garai horretan: emakumeak seme-alabak izan baditu, hazita ditu, orain arteko ereduari jarraituta, behintzat. Horrez gain, gorputzak aldaketa batzuk izaten ditu, baina horietako batzuk ez daude menopausiarekin lotuta, adinarekin baizik.

Gizonezkoak ere zahartu egiten dira, eta beraiek ere badute beren prozesua. Gertatzen dena da haiek ez dutela galera moduan hartzen. Aldaketa horien guztien barruan, batzuk oso askatzaileak dira: ez dugu hilekorik, ezta ardurarik ere sexu harremanetan. Egia da, aldi berean, aldaketa hormonalak zailtasun batzuk ekartzen dituela, aparatu osoa aldatu egiten delako, baina badaude horiek ondo kudeatzeko estrategiak. Sexualitateaz gain, norbere buruaz arduratzeko aukera ere ematen du menopausiak: norberak izan ditzakeen lehentasunen zerrendan, barrura begira jarri eta nork bere izena aurreneko postuan jartzeko garaia ere izaten da. Hori da garrantzitsuena; norbere burua zaintzen, maitatzen eta preziatzen ikastea.

Menopausiaz ezjakintasun handia dagoela diozu. Gizarteak bizkarra eman al dio?

Sexualitatea baztertuta egon da, emakumeen sexualitatea are gehiago, eta ugalketarako sexualitatea ez dena, zer esanik ez. Batzuentzat menopausiak hainbat arazo dakartza maila ginekologikoan, baina beste batzuentzat, libidoaren berpizte bat da garai hori. Beraz, badaude aldaketa positiboak ere. Emakumeok gure sexualitateaz jabetzea eta inoren menpe ez egotea, ordea, arriskutsua izan daiteke gizartearentzat, nahasmen handia sortzen duelako. Beraz, menopausia iraultzailea izan daiteke.

Norberak bere bizipenak eta kezkak parteka ditzan, konfiantzazko gunea ere sortu nahi duzue ikastaroaren bidez.

Konfiantza eta konfidentzialtasuna oinarrizko baldintzak dira. Lotsa eta beldur handia dugu galera horiek prozesatzeko, eta tailerretan horretaz jarduten dugu. Hitz egitea bera askatzailea da, eta bizipenak partekatzean ikusten dugu denok txalupa berean goazela. Oso lagungarria da hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide