Hamar saltokik parte hartuko dute Azkoitiko Beherapen Azokan

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 14a

Bihar egingo dute azoka, eta iaz hasitako bideari eutsiz, dendek Balda plazan jarriko dituzte postuak. Egitasmoa dinamizatzeko, umeentzako jolasak eta jan-edanerako postuak ere izango dira

Azkoitiko Herrixen merkatari elkarteak eta Azkoitiko Udalak Beherapen azoka antolatu dute elkarlanean beste urte batez. Iazko formatuari eutsi, eta saltokiek kalera aterako dituzte beraien postuak bihar, eta bigarren urtez jarraian, Balda plaza izango da egitasmoaren bilgunea. Dena den, eguraldi txarra eginez gero, Elkargunean jarriko dute azoka.

Aurten, elkarte barruko hamar dendak parte hartuko dute Beherapen Azokan –iaz baino bi gutxiagok–, eta honako hauek izango dira beraien produktuak kaleratuko dituztenak: Yoko kirolak, Aitzaki kirolak, Maina, Trukebai, Aingeru loradenda, Munibe, Pitxin, Iroa, Lirain eta Arrospide Oinetakoak.

Herritarrek saltokien eskaintza bereziak aprobetxatzeko aukera izango dute, baina izango da beste ekintzarik Beherapen Azokaren barruan. Izan ere, egunean zehar erosketak egiten dituzten herritarrek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Hain zuzen ere, erosketak egiterakoan, erosleek beren datuekin papertxo bat bete beharko dute eta postuetan egongo diren buzoietan sartu beharko dute. Arratsaldean, 100 euroko bi bono zozkatuko dituzte herriko dendetan gastatzeko.

Egitasmoa dinamizatzeko asmoz, haur eta gaztetxoek ere izango dute zertaz gozatua bihar; puzgarriak eta tailerrak jarriko dituzte Balda plazan, eta Zakelmariak ibiliko dira gozokiak banatzen kaleetan zehar. Dena den, eguraldi txarra eginez gero, Elkarguneko Oteiza aretoan ume eta gazteentzat tailerrak egingo dituzte, eta Zakelmariak ere han egongo dira.

DBHko gazteek, berriz, jan-edanerako postua jarriko dute eta musikaz alaituko dute azoka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide