Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteko taberna lizitaziora atera du udalak

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 11

Otsailaren 26an amaituko da lehiaketara eskakizunak aurkezteko epea. Kontratuak bi urteko iraupena izango du, eta gehienez beste bi urtez luzatu ahal izango da.

Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteko taberna. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Udalak lizitaziora atera du Plaza Ondo jubilatuen elkarteko taberna. Joan zen abenduan jarri zuen martxan lizitazio prozesua, baina esleitu gabe gelditu zen. Izan ere, proposamen bakarra aurkeztu zuten lehiaketara, eta ez zituen bete beharreko eskakizunak betetzen. Hori dela eta, udalak berriro atera du lizitaziora taberna, eta oraingoan, otsailaren 26ra bitartean izango da lehiaketara proposamenak aurkezteko aukera. Udalak adierazi duenez, bi urteko iraupena izango du kontratuak eta gehienez ere beste bi urtez luzatu ahal izango da, lau urte bete arte.

Arduradunek tabernan, kafetegian eta jatetxean zerbitzua emateaz eta horiek zaintzeaz gain, besteak beste, erretiratuen eta pentsiodunen etxe osoaren garbiketaz arduratu beharko dute, baita jubilatuen etxeko ateazaintza zerbitzua eskaini ere. Honako lotura honetan irakur daiteke lehiaketara eskakizunak aurkezteko informazio guztia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide