Emakumeen Nazioarteko Eguna hizpide, Azkoitiko Hezkidetza programan

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 6a

Azkoitiko Hezkidetza Foroko bilera egin dute aste honetan herriko ikastetxeetako ordezkariek, udalak, kale-hezitzaileek eta Gazteria Zerbitzuko arduradunek. Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna izan dute hizpide bileran.

Azkoitiko Hezkidetza Foroko parte-hartzaileak. (Azkoitiko Udala)

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko nahiz era guztietako bazterkeria eta indarkeria desagerrarazten laguntzeko, Hezkidetza programa lantzen dute Azkoitiko ikastetxeetan, eta aste honetan bildu dira programaren sustatzaileak. Azkoitiko Udalarekin batera, herriko bost ikastetxeek parte hartzen dute Hezkidetza Foroan: Floreaga Ikastetxeak, Xabier Munibe Ikastolak, Bizilore Eskola Aktiboak, Azkoitia BHIk eta Izarraitz Lanbide Heziketak. Horiez gain, kale-hezitzaileek eta Gazteria Zerbitzuko kideek ere parte hartzen dute bileran. Aste honetan, eskoletan egiten ari diren lanketaren balorazioa egiteaz gain, martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna izan dute hizpide, eta egun horretara begira elkarrekin egin ditzaketen ekintzez aritu dira hizketan.

Hezkidetza programaren barruan, ikasleei emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunen inguruko formazioa eskaintzen diete; besteak beste, desberdintasun egoerak nola antzeman eta horiek nola gainditu azaltzen zaie gazteei saio horietan. Horrez gain, ikastetxeetan hezkidetzarako beharrezkoak diren orientazioa eta aholkularitza eskaintzen ditu programak. Hezkidetza Foroa bi hilabetetik behin batzen da, eta bertan, programaren jarraipena egiten dute programako parte-hartzaileek. Udalak, guztira, 22.000 euro bideratu ditu programa hau garatzeko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide