Azalberrituta, sabaiak haustera

Anartz Izagirre 2020ko otsailaren 6a

Bulego taldea sortu berri du Passepartout taldeko boskote azkoitiarrak. Datorren otsailaren 13an 'Hegan' izeneko singlea aurkeztuko dute irratian eta sare sozialetan.

"Sabaiak haustera gatoz" diote Bulego taldeko kideek sare sozialetan. Duela aste batzuk eman zuten taldearen sorreraren berri sarean, eta ordutik, ezin ukatu azkoitiarrek zeresanik eragin dutenik. Passepartout taldeko boskote bera dago Bulego taldearen atzean: Tomas Lizarazu (ahotsa eta gitarra), Jontxu Ape (baxua), Ruben Lizarralde (gitarra), Itzi Beitia (teklatua) eta Xabier Arrieta (bateria). Hala eta guztiz ere, labetik atera berri duten proiektua, izen aldaketa baino, "talde berri baten sorrera" dela azaldu du Lizarazuk (Azkoitia, 1993): "Passepartout taldeko bostok jarraitzen dugu Bulego taldean, baina beste diziplina batzuetan parte hartzen duten hainbat kide ere badago Bulegon".

Lizarazuk azaldu duenez, musika talde bat izatetik haratago, beste hainbat esparru ukitu nahi dute Bulego taldean. Hori dela eta, abesti berrien irudia eta diseinu grafikoa landuko dituzten kideak batu zaizkie proiektu berrira: "Ander Azpiazu eta Eneko Aranbarri Bulego taldearen estetika arloa lantzen ari dira, eta Eñaut Gaztañaga produkzioan laguntzen ari zaigu. Musika proiektu batek dituen arlo guztiei erantzun nahi diegu", dio abeslari azkoitiarrak.

Izenaren kontuak ere interesa eragin duela aitortu du Lizarazuk, eta azaldu du gai horren inguruan jende askok galdetu diela. Azkoitiarraren arabera, ordea, taldearen izenak ez du esanahi berezirik: "Praktikotasunari begiratu diogu, akordatzeko erraza den izen bat jarri diogu talde berriari; sinpletasunera joan gara, gauzak konplikatu gabe esatera eta mezua erraztera". Ildo horretatik, Lizarazuk nabarmendu du Bulego taldean hasieratik gauzak garbi izan dituztela: "Bulego taldearekin badakigu nora eta norengana iritsi nahi dugun, eta horretan esperientziak lagundu digu. Passepartoutekin izandako esperientziatik eta proiektu pertsonaletatik elikatu gara gauzak garbiago izateko".

Izenarena ez da boskote azkoitiarrak egindako aldaketa bakarra. Lizarazuren arabera, musika estilo aldaketa bat ere igarriko dute entzuleek Bulego taldearen abestietan: "Boskote berak jarraitzen dugun arren eta norberaren ukitu pertsonalak egongo diren arren, estilo berri bat jorratu dugu", dio azkoitiarrak. Hain zuzen ere, besteak beste, pop estiloa esploratzen dihardutela azaldu du Lizarazuk, eta "erreferentzia desberdinak" izan dituztela kontuan.

'Hegan' abestia, labean
Sare sozialetan duela aste batzuk aurkeztu baziren ere, Lizarazuk dio "aspalditik" ari direla talde berria sortzeko lanean. Otsailaren 13an aurkeztuko dute Hegan abestia irratian eta sarean. Dagoneko, gainera, entzungai jarri dituzte abesti berriaren zatiak Interneten. Hegan abestiak "energia" transmititzen duela dio Lizarazuk: "Norbaitek egun txar bat duenean, energia puntu bat emango dion kantua da", azaldu du. Bestalde, azkoitiarrak dio "norberak bere buruarekiko duen erlazioan" dagoela inspiratuta kantua, eta "lanketa handia" egin dutela abestiaren hitzetan.

Kontzertuei dagokienez, berriz, oraindik ezer zehatzik ez dutela lotuta dio Lizarazuk, baina "aurkezpen handi bat" egiteko intentzioa dutela nabarmendu du. Burua, momentuz, otsailaren 13ko aurkezpenean dutela aitortu du, eta hori izango dela Bulego taldearen lehen pausoa: "Publikoarengana iristeko momentua da, kristoren energia dugu barruan, eta energia hori ahalik eta jende gehienarengana iristea da nahi duguna; horregatik diogu sabaiak haustera goazela". Sabai horiek hausteaz gain, Hegan abestiaren aurkezpenarekin batera hasiko da boskote azkoitiarraren talde azalberrituaren ibilbidea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide