Logopeda eta pedagogoa

Iera Zuazolazigorraga: "Ez gara ohartzen komunikazioa bideratzeko mila modu daudela"

Maialen Etxaniz 2020ko urtarrilaren 28a

Marea Urdinak antolatuta, ‘Zer egin komunikazio eta hizkuntza arazoak daudenean?’ hitzaldia eskainiko du Zuazolazigorragak bihar arratsaldean, Azkoitiko Elkargunean.

Logopeda eta pedagogoa da Iera Zuazolazigorraga (Azpeitia, 1991) , eta komunikazio alternatibo eta handigarrietan aditua da. Lan ildo horri lotutako hitzaldia eskainiko du bihar, asteazkena, Azkoitiko Elkargunean, 19:30ean hasita. Zer egin komunikazio eta hizkuntza arazoak daudenean? Galdera horri erantzungo dio azpeitiarrak, Marea Urdina elkarteak antolatutako solasaldian.

Komunikazioaz eta komunikatzeak duen garrantziaz mintzatuko zara bihar. Zer dela eta eskainiko duzu hitzaldia?

Duela urtebete inguru hasi nintzen komunikazio sistema alternatiboekin lanean. Ordurako hizkuntza arazoen lanketa eginda nuen, baina komunikazio sistema alternatiboak ezagutzea mundu berri bat deskubritzearen antzekoa izan zen niretzat, eta gogoz heldu nion lanketari. Sasoi hartan nahiz gaur egun nirekin lanean aritzen da Ursula Urteaga, Marea Urdina elkarteko Inma Urteagaren alaba. Inmarekin asko hitz egiten nuen komunikazioaren inguruan, eta horren harira otu zitzaidan gaiaren inguruko solasaldia eskaintzea.

Zer landuko duzu solasaldian?

Besteak beste, pertsonek izan ditzaketen komunikazio eta hizkuntza arazoak zein diren azalduko dut hitzaldian. Hizkuntza, komunikazioa eta hizketa hiru kontzeptu desberdin dira, eta horiek desberdintzen saiatuko naiz. Horrez gain, zer arazoren aurrean aurki gaitezkeen azalduko dut. Era berean, arazo horiei aurre egiteko edo komunikazioa hobetzeko egunerokotan egin ditzakegun ariketak zein diren azalduko dut, arazo horiek ahalik eta ondoen bideratzea xede. Komunikazio sistemen inguruan hitz egingo dut, izan ere, uste dut gaur egun gure gizartean hutsune handia dagoela arlo horretan. Ez dakigu zer diren, zertarako balio duten eta zer funtzio betetzen duten.

Zeintzuk dira gaur egungo komunikazio gabeziak?

Gabeziarik handiena da ahozko komunikazioa izan dela orain arte onartu den bakarra. Ez gara ohartzen milaka aukera ditugula komunikazioa bideratzeko.

Gabeziak ez dira berdinak haurren eta helduen artean. Haur askok jaiotzen diren unetik ez dute ahozko komunikaziorik. Beraz, ume horiek duten komunikatzeko nahia eta bidea desberdina da. Helduen kasuan, bestelakoa da egoera. Haien gabeziak denboraren ondorioz sortutakoak izan ohi dira gehienetan. Hau da, aurpegiko paralisi baten, ahots kordetan izandako arazo baten, iktus baten edo arazo kardiobaskular baten ondorioz izan ditzakete komunikatzeko gabeziak. Horrenbestez, haurrekin eta helduekin desberdin landu behar da.

Zer ondorio ekar ditzake gaur egun ondo ez komunikatzeak?

Ongi komunikatzea baino garrantzitsuagoa da komunikatzeko bideak izatea. Ongi edo gaizki, interesa duen pertsona saiatuko da besteak adierazten dion hori ulertzen. Baina hori ezinezkoa izango da komunikaziorik gabe. Komunikazio biderik ez badago, pertsonak ezin du adierazi nola sentitzen den edo zer iritzi duen. Hori da gaur egun falta dena. Ongi komunikatzea ez da garrantzitsua den gauza bakarra, komunikazio bide bat edukitzea ere oso garrantzitsua da.

Horren aurrean, zer da proposatzen duzuna?

Komunikazio sistema desberdinak daude, eta horiek erabiltzea garrantzitsua da, funtzio ezberdinak baitituzte. Zein sistema erabili behar dugun jakiteko, ezinbestekoa da pertsona bakoitzaren helburuak, beharrak eta nahiak zein diren jakitea. Izan ere, horren araberako lanketa eta baliabideak eskainiko ditugu. Zenbait kasutan eskuetako behatzen mugimendua edo begien mugimendua baliatuko dugu komunikazioa bideratzeko. Garun paralisia, Rett sindromea, alboko esklerosi amiotrofikoa... duten pertsonek ahozko lengoaia erabiltzen ez dutenez, haiei beste sistema batzuk eskaini behar dizkiegu beren komunikazioa autonomoa izan dadin.

Nori zuzendutako aholkuak emango dituzu biharko solasaldian?

Marea Urdinak antolatutako hitzaldia bada ere, gaian interesa duen herritar orori zuzendutako solasaldia izango da. Saiatuko naiz ahalik eta baliabide gehien eskaintzen, behar dutenek komunikazioa ahalik eta ondoen bidera dezaten. Hitzaldira etorri ezin dutenei aholku bat eman nahi diet: pazientzia izatea ezinbestekoa da, baita besteen egoeran jartzea ere. Ez da erraza gauzak adierazi nahi izatea eta ezin ahal izatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide