Gipuzkoako basozainek kontrolpean dute Azkarateko sutea

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 15a

Atzo, asteartea, 16:00etan sutea piztu zenAzkarateko pinudi batean, eta Urolako eta Arrateko suhiltzaileek 23:30 inguruan sua itzaltzea lortu bazuten ere, Gipuzkoako basozainak ingurua zaintzen ibili dira goizaldean.

Azkarateko suteko atzoko irudi bat. (Gipuzkoako basozainak)

Azkarateko pinudi batek su hartu zuen atzo, asteartea, 16:00 inguruan, eta Urolako (Azpeitia) eta Arrateko (Eibar) suhiltzaileek 23:30 inguruan lortu zuten sua itzaltzea. Azkarate mendatearen tunelaz bestalde piztu zen sua, Elgoibar, Mendaro eta Azkoitia arteko Urnobitza auzoko Ekaitz mendian, eta suhiltzaileek adierazi zutenez, Azkoitiko Madariaga auzora ere heldu zen sua, 19:35 inguruan. Gipuzkoako basozainek UROLA KOSTAKO HITZAri adierazitakoaren arabera, ezin da zehaztu oraindik zenbat hektarea kaltetu dituen suteak, baina 20tik gora erre direla nabarmendu dute.

Basozainek zaintza lanetan dihardute oraindik sutea izandako lekuan. Haiek adierazi dutenez, "kontrolpean" dute egoera, baina gune horretan jarraituko dute egunean zehar, sugarrak zabaldu ez daitezen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide