Azkoitiko XLVI. Atano III.a Pilota Txapelketan izena emateko epea, zabalik

Andoni Elduaien 2020ko urtarrilaren 15a

Urtarrilaren 24an itxiko dute Azkoitiko urteko lehen pilota txapelketan izena emateko epea. 2008tik 2012ra bitartean jaiotako gaztetxoek parte hartuko dute buruz buruko lehian.

Iazko Atano III.a Pilotxa Txapelketako finalistak. (Andoni Elduaien)

Azkoitiko Oteiza pilota kirol elkarteak buruz buruko XLVI. Atano III.a Pilota Txapelketan izena emateko epea zabaldu du dagoeneko.

Urtarrilaren 24ra bitartean eman ahal izango dute herritarrek izena. Horretarako, bi bide zabaldu ditu elkarteak: batetik, Azkoitiko Gurea pilotalekura joanda, eta bestetik, 667 50 39 18 telefono zenbakira Whatsapp bidez mezua idatzita.

2008tik 2012ra bitartean —bi urteak barne— jaiotako neska-mutilek izango dute buruz buruko txapelketan parte hartzeko aukera. Astelehenetik ostegunera bitartean, Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte pilota partida guztiak. Hala eta guztiz, antolatzaileek jakinarazi dute partidak asteburura atzera ditzaketela, beharrezkoa iruditzen baldin bazaie.

Azken urteetan egin bezala, aurten ere partida guztiak galtza zuriekin eta pilota goxoarekin jokatuko dituzte parte hartzaileek. Oteiza pilota elkarteko kideek azaldu dute gazteak kantxara zuriz jantzita irtetera «ohitu nahi» dituztela.

Hil honen amaieran hasi eta martxora bitartean jokatuko dute Atano III.a txapelketa. Guztira, honako bost maila hauetan banatuta jokatuko dituzte partidak: 8 urtekoak, 9 urtekoak, 10 urtekoak, 11 urtekoak eta 12 urtekoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide