Zenbat ikasle dituzue Oteiza pilota eskolan?
Elkartearen ardura hartu genuenetik inoiz iritsi ez garen ikasle kopurura iritsi gara. Guztira, 104 pilotari ditugu gaur egun taldean, eta horietatik zazpi dira neskak.
Laster jarriko duzue martxan XLVI. Atano III.a Pilota Txapelketa.
Hala da. Izena emateko epea zabalik izango da urtarrilaren 24ra arte. Lehian pilotari kopuru polita izango dela iruditzen zaigu, jende asko ari baita izena ematen.
Berrikuntzarik izango al da aurtengoan?
Iaz egindako aldaketei jarraipena emango diegu. Batetik, pilotari guztiek zuriz jantzita jokatuko dituzte partidak. Eta bestetik, gazteek partida bat baino gehiago jokatuko dituzte, bat jokatu eta kalera joan beharrik izan gabe. Bestalde, buruz burukoan kantxako bakardadeari erantzutea ez da izaten erraza. Pilota oinarri hartuta umeek egoera horri aurre egiten ikastea ere bada asmoetako bat.
Ez da urtean zehar antolatzen duzuen txapelketa bakarra.
Herri mailako hiru txapelketa antolatzen ditugu: Kontzejupeko Txapelketa, Atano III.a Pilota Txapelketa eta Azkoitiko Txikito Txapelketa.
Zein da Azkoitian pilotaren egoera?
Trantsizio egoeran dago pilota Azkoitian. Ikusten dugu adin tarte batzuetako pilotaririk ez dugula elkartean. Hutsune batzuk ditugu, eta gure asmoa da gazteak pilotan aritzera animatzea, talde giroa sortzea eta jokalari horiek pilotan jarraitzea gerora ere. Lan egiteko modu horretan erabat sinesten dugu, eta horri helduko diogu gaur egun ditugun hutsuneak etorkizunean egon ez daitezen.
Nola ikusten duzu herriko pilotaren etorkizuna?
Nahiago nuke etorkizun positiboagoa ikustea, baina errealista izan behar da. Gero eta ume gehiago ditugu klubean, eta hori aintzat hartuta, itxaropena izan behar dugu. Hala ere, ikusten dugu gure ikasle askok astean behin edo bitan bakarrik jokatzen dutela pilotan. Pilotan asko entrenatu eta jokatu behar da aurrera egin ahal izateko. Zentzu horretan hobetzeko asko egin daitekeela iruditzen zait. Indar handia duten kirol asko daude gure inguruan; dena den, guk gureari heldu eta umeak motibatu behar ditugu pilotan gehiago joka dezaten.