Street Art 360 webguneak munduko ehun onenen artean aukeratu du iaz Oviedon (Espainia) egin zenuen horma irudia. Nola jaso duzu berria?
Ez nuen inondik inora espero, eta albistearen berri izan nuenean, asko poztu nintzen. Polita izan zen.
Nolakoa da irudia?
Oviedon antolatu zuten Parees Fest jaialdian egin nuen. Bost artista joan ginen hara, eta antolatzaileek margotzeko horma bat utzi ziguten bakoitzari. Niri egokitu zitzaidana taberna baten fatxada zen, eta beraz, haren historiarekin eta inguruarekin lotu nuen horma irudia.
Eszena urbanoa da Rosales kalean egin nuen irudi hura. Tabernaren ardura duen familiak aspaldiko argazkiak zituen, eta irudi horietako bat hartu nuen lanaren abiapuntutzat. Beraz, horma irudiaren atzealdean kale zahar bat azaltzen da, eta tabernaren aurrean hainbat pertsona daude, zuri-beltzean margotuta; lehenengo planoan, berriz, argazki kameradun gaur egungo neska bat agertzen da, pasieran egongo balitz bezala. Zuri-beltzaren eta koloreen arteko kontrastea egin nuen lan hartan, iraganaren eta gaur egungoaren zubia irudikatu nahian.
Zer teknika erabili zenuen?
Pintura plastikoa erabili nuen, akrilikoa. Horma irudiak egiterakoan garrantzitsua da kalitatezko pintura erabiltzea, lanak gehiago iraun dezan. Izan ere, kalitate txarreko pintura erabiliz gero, batez ere eguzkiak zimeldu egiten ditu koloreak.
Bestalde, urteen poderioz sortutako testura politak zituen fatxada hark, eta horiek mantentzen saiatu nintzen; hori izan zen zailena. Izan ere, errazena da den-dena margotzea, baina horma hartan zeuden geruzak bere horretan uztea izan zen zailena, eta aldi berean, politena ere bai.
Horma irudi asko egiten dituzu. Oviedokoa al da egin duzun politenetakoa? Aurrez ere berezitzat al zenuen artelan hori?
Ez nuke esango egin dudan politena denik. Egia esan, asko gustatu zitzaidan haren emaitza, baina egin ditudan beste asko ere oso politak geratu dira. Zaila da guztien artean bat aukeratzea, niretzako denek dutelako balio berezi bat. Agian, gehiena zabaldu den horma irudia da Oviedokoa, eta horrek ere izan dezake eragina. Izan ere, antolatzaileek lan handia egin dute horma irudi hori blogetara-eta bidaltzen, eta sare sozialetan ere asko hedatu da.
Zeu agertzen zara Oviedon egin zenuen horma irudian. Joera al duzu zure burua artelanetan plasmatzeko?
Bai, ni naiz horma irudi horretan agertzen dena. Gaur egungo neska bat irudikatu nahi nuen bertan; halakoetan, pertsonaiak koloreengatik, arroparengatik edo janzkerarengatik aukeratzen ditut, margotzeko orduan jokoa ematen didatelako. Nire argazki dezente eskura ditut, eta askotan, erraza egiten zait nire irudi bat aukeratzea margotzeko. Kasu horretan, ez zen nire intentzioa autorretratua egitea, edozein neska irudikatzen baitu mural horrek. Bizkarra ematen agertzen naiz, eta edonor izan daiteke pertsona hori.
Orain arte, ez dut joerarik izan nire burua artelanetan irudikatzeko, baina egia da azkenengo lanetan gero eta gehiago egin dudala. Esaterako, Santanderren (Espainia) egin nuen beste horma irudi batean ere ni agertzen naiz. Kalean, maiz, jendearen bila aritzen naiz, haiei argazkiak ateratzeko asmoz, baina askotan ez dut topatzen nahi dudan hori, eta ni agertzen naizen argazki asko ditudanez, margolanetarako ondo etortzen zaizkit.
Street Art 360 webguneak kaleratu du zerrenda. Aurrez ere jarraitzen al zenuen atari hori?
Bai, dezente jarraitzen dut, batez ere, Instagramen. Ederra da artistek munduan zehar egiten dituzten muralak ikustea.
Halako aitormenek zure izena eta lana gehiago zabaltzeko balio dezaketela uste al duzu?
Egia esan, ez dut horretan pentsatu, baina uste dut zerrenda horretan agertzeak pixka bat gehiago zabalduko duela nire lana. Uste dut nire onerako izango dela, baina ez zait iruditzen izugarrizko booma ere izango duenik. Jende asko ari zait zoriontzen, eta egia da nik normal samar hartu dudala albistea. Baina bai, bada zerbait zerrenda horretan egotea, eta bere balioa eman behar zaio horri.
Horma irudien lehiaketa askotan parte hartu duzu, eta sariak ere irabazi dituzu.
Beti gustatu izan zait gauza desberdinak egitea. Ederra da horma irudiak lantzea, eta urtean zehar, gainera, lehiaketa pila bat egoten dira. Probatze aldera hasi nintzen lehiaketetan parte hartzen, eta gustatu egin zait azkenean. Lekuan lekura joaten zara, egun oso batez margotzen duzu eta leku desberdinak ezagutzeko zein txoko horietan margotzeko aukera duzu… Hori polita da.
Noiz eman zenuen horma irudiak egiten hasteko pausoa?
Koadroak pintatzen hasi nintzenean, kaleak edo paretak nituen inspirazio iturri. Joera handia izan dut hormak agertzen ziren koadroak margotzeko. Pixkanaka, horma irudiak margotzen hastera animatu nintzen. Etxeetan, tabernetan eta formatu txikiagoetan egiten nituen lehendabizi, eta asko gustatu zitzaidan; ederra da tamaina handian margotzea. Duela bi urte, Bartzelonako lehiaketa batera aurkeztu nintzen, eta orduan egin nuen aurreneko horma irudi handia; motxiladun mutil bat margotu nuen. Kaleko horma irudi handien hasiera izan zen hura, eta hainbat blog nire lanak jarraitzen hasi ziren, tartean Street Art 360. Leku ugaritatik deitzen hasi zitzaizkidan, jaialdietara gonbidatuz. Ondoren, Madrilen, Zaragozan (Espainia), Baionan, Maulen… margotu dut. Apirilean, berriz, Marokora joango naiz, horma handi bat margotzera.
Zer dute horma irudiek koadroek ez dutena?
Koadroa leku pribatuetan geratzen da: etxean, galerian… Kaleko horma irudiak, berriz, guztientzako egiten dituzu, eta hori opari bat da jendearentzat. Pertsonalki, asko gustatzen zait kalean noala beste artista batzuen lanak ikustea eta horiek herritarren egunerokoan nola eragiten duten jakitea; xarma berezia du.
Esan duzu aldatzea gustatzen zaizula. Estiloari dagokionez, zer etapatan zaude orain?
Azkenaldian, zuri-beltzaren eta koloreen arteko kontrastea asko ari naiz lantzen, Oviedoko horma irudian egin nuen bezala. Horrez gain, eszena urbanoak ari naiz margotzen. Tematika antzekoa izan da beti, baina aldatzen joan da denborarekin; hasieran, kolore ilunak erabiltzen nituen eta pertsonaiak eta detaileak asko agertzen ziren. Ondoren, zabaltzen joan nintzen tematika, eta kolore gehiago sartzen hasi nintzen. Aldaketa asko egin izan dut, eta nagoen egoeraren arabera, koloreak ere desberdinak izan ohi dira. Orain, Madrilerako erakusketa bat prestatzen ari naiz, eta koadroak zuri-beltzean ari naiz margotzen harako. Oso arraroa da, baina horretarako unea etorri zait.