100 urte bete ditu Eugeni Egino azkoitiarrak

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 10a

Mendea bete du gaur, urtarrilak 10, Eugeni Eginok. Etxekoen eta udal ordezkarien bisita izan du etxean.

Eugeni Egino Zabaleta azkoitiarrak 100 urte bete ditu gaur, ostirala. 1920an jaio zen gaurko egunez —urtarrilak 10—. Eguna ospakizunetan murgilduta darama Eginok, eta etxekoen zein udal ordezkarien bisita jaso du bere etxean. Javier Zubizarreta alkateak eta Janire Igoa Ongizate zinegotziak Azkoitiko herriaren izenean zoriondu dute Eugeni Egino. 

Burua argi eta inongo minik gabe, irribarretsu, pozik, hartu du guztien bisita. Eva, Maria Angeles eta Jose Luis Elduaien seme-alabez inguratuta, urteurrena ondo ospatzeko desioz aurkitu dute sukaldeko epelean. Ilusioz beteta dago, halaber, egunean zehar dituen zortzi biloba eta hamalau birloba ere joango zaizkiolako zoriontzera eta besarkada handi bat ematera.

Egun handia eta merezitakoa da Eugeni Eginorentzat, ez baitu "bizitza erraza" izan. Hamabi urte zituela, urte berean galdu zituen aita eta ama. Bederatzi anai-arreba umezurtz geratu ziren. 17 urterekin, berriz, neskame atera zen. "Bizimodua eta familia aurrera ateratzeko ahaleginean jardun du beti", azaldu dute seme-alabek hunkituta eta beraien amaz harro. Urteak daramatza Eugeni Eginok Azkoitiko erdigunean bizitzen, baina beti Elosu auzokoa sentitu da, Añei baserrikoa, alegia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide