Holz und Blech musika elektronikoaren jaialdia ospatuko dute asteburuan

Urola Kostako Hitza 2020ko urtarrilaren 10a

Zuhaitz Urain 'Zizu' zenaren omenez antolatzen duten jaialdiaren bosgarren edizioa izango da biharkoa. Guztira, 19 musika jartzailek parte hartuko dute Azkoitian eta Azpeitian.

Bihar hasi eta igande goizera bitartean ospatuko dute Holz und Blech musika elektronikoaren jaialdia, Azkoitian eta Azpeitian. Zuhaitz Urain Zizu zenaren omenez antolatu ohi dute jaialdia, azkoitiarra musika elektronikoaren sustatzaile handienetakoa izan baitzen herrian.

Aurten, festak ez du etenik izango; lehen aldiz, zapatutik igandera bitartean 21 orduz jarraian jarriko dute musika. Guztira, hemeretzi DJk parte hartuko dute. Bihar, 12:00etan, Elektropeña disko jartzailearekin hasiko da jaialdia Dean eta Zakela tabernen aurreko atarian. 14:00etan, berriz, bazkaria egingo dute 80 lagun inguruk Joseba jatetxean; aurten, luntxa egingo dute. Otordua Ibailo, Depression eta Xugua DJek girotuko dute.

17:00etatik 22:00etara bitartean, Galiano musika jartzailea arituko da Matadeixen, eta handik Azkoitiko tabernetara egingo du jauzia festak. Dean tabernan arituko dira Josu Aranburu, Juantxi eta Anartz DJak; Zakela tabernan Krakobia eta Balza; eta Txalintxo tabernan Loreak, Drymouth, Piek eta Alexander Loop. Jaialdiari amaiera Azpeitiko Inox diskotekan emango diote, Beba, Panda eta J.C. aka Kasper disko jartzaileekin.

Aurten, gainera, egitasmoari laguntzeko zozketa antolatu dute lehen aldiz, eta lau lagunentzako mariskada emango dute egunean bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide