Kattu gogoan xake txapelketa eta lore eskaintza egingo dituzte igandean

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 19a

Ramon Oñederra 'Kattu'ren oroimenez xake txapelketa eta lore eskaintza antolatu dituzte iganderako Azkoitian. 1983. urtean, GALek hil zuen azkoitiarra Baionako Kayetenia ostatuan.

Urtero legez, Azkoitiko Anaitasuna-Kakute xake taldeak antolatuta, Katturen Oroimenezko Xake Txapelketa jokatuko dute igandean. 10:00etan hasiko da xake txapelketaren 35. edizioa, Azkoitiko Kultur Etxeko hirugarren solairuan. Lehiaketako parte hartzaile kopurua mugatua izango dela adierazi dute antolatzaileek; 30 xakelarirentzako dago lekua.

Txapelketa bukatutakoan, sari banaketa egingo dute Errexil tabernan, eta parte hartzaile guztientzako hamaiketakoa izango da bertan.

Iaz 29 xakelarik parte hartu zuten Katturen oroimenezko txapelketan. Hector Sanchez azkoitiarra izan zen lehiaketako irabazlea.

Lore eskaintza, eguerdian
Xake txapelketaz gainera, igandean, Kattu eta haren ama zena –Arantza Bergara– gogoan, lore eskaintza egingo dute monolitoan, 12:00etan hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide