Bi auto gidari ospitalera eraman dituzte Azkoitian istripua izan ondoren

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 17a

Azkarateko mendatean gertatu da ezbeharra, 20:30 aldera, zauriak izan dituzten bi lagunen ibilgailuek aurrez aurre talka eginda. Ia bi orduz aritu dira bidea garbitzen.

Bi auto gidarik min hartu dute gaur iluntzean Azkoitian, Azkarateko mendatean, bi ibilgailuk aurrez aurre talka egin ondoren. Ertzaintzak jakinarazi duenez, Azkoititik Azkarateko gailurrera doan mendate zatian gertatu da istripua. Ford Fiesta bat eta Mercedes Benz Citan furgoneta bat izan dira elkar jo dutenak. Lekukoen arabera, Azkaratetik behera Azkoitiko norabidean zihoan Ford Fiesta aurretik zuen ibilgailua aurreratzen hasi da, eta Elgoibarko noranzkoan maldan gora zihoan Mercedes furgonetarekin talka egin du.

Zaurien larritasunaren berri ez dute eman ertzainek, baina bi gidariak Donostia Ospitalera eraman dituztela jakinarazi dute. Trafikoan eragina izan du istripuak; 22:15ak arte aritu dira bidelanetako eta larrialdi zerbitzuak errepidea garbitzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide