Peio Arzamendiren rola antzezten duzu igandean estreinatu zen Ihesaldia telesailean. Nor da Peio?
Peio 32 urteko preso politikoa da, eta etakide izateagatik dago kartzelan. Istorioa 1976. urtean kokatzen da, Franco diktadorea hil eta urtebetera. Kalean beste giro bat zegoen, gauzak aldatzeko beharra zuten herritarrek, eta kontakizun honetako protagonistak kartzelan zeuden. Preso egote hutsak ihesera bultzatuko ditu, eta kaleak borborka zirela jakinda, are tentazio handiagoa izango dute alde egiteko. Baina fikzio honetan Peiok kanpora ateratzeko duen motibazio nagusia beste bat da, ez dut esango, ordea, zein den. Kuriosoak ikus dezala telesaila.
Fikzio soziala da Ihesaldia; hau da, egiazko gertaera bat du oinarri istorioak.
1976. urtean Basaurin [Bizkaia] izan zen ihesaldi saiakera berezi baten kontakizuna egiten du telesailak. Beste hainbat ihesaldi izan ziren kartzela berean, baina ihesaldi honek badu berezitasun bat: kartzela barrura egin zuten ihes presoek, ez kanpora. Denbora irabazte aldera egin zuten hori, tunela egiteko denbora faltan baitziren, dispertsatuko zituzten beldurrez.
Telesaila benetako gertakari hartan oinarrituta dago, gertatu zenak bere horretan interes handia duelako. Sinesgaitza dirudien gertaera horietako bat izan zen. Istorio hori telesail bihurtzeko ikus-entzunezkoen ezaugarrietara egokitu behar da, eta atal bakoitzaren bukaera hurrengorako amua izatea ezinbestekoa da. Gainera, istorioaren bukaera ere aldatu egin da, argumentuaren mesedetan.
Bost astetan grabatu dituzue telesailaren bost atalak, eta kartzelako irudiak hartzeko, Segoviako (Espainia) espetxean izan zarete. Gogorra izan al da grabaketa prozesua?
Denetarik izan da, baina ezin ukatu gogorra izan ez denik. Kontzientziatuta geunden hasterako; izan ere, kartzela batetik ihes egiteak gogorra behar du izan. Eta kontatu behar genuen istorioa zera zen: 52 egunez, neguan, ganbara batean ezkutatuta dagoen boskotearena; jateko eskasian, berotzeko estalkirik soberan ez, eta gauez tunela zulatzen ahalik eta ordu gehien sartzen zituztenena. Kanpoan zain zituztenekin kontakturik ezin zuten egin, bertsio ofizialak ihes egin zutela esana baitzuen, eta familiek ez zuten beren berririk. Ez zuen erraza izan behar egoerak.
Kartzela ihesaldien generoak zale ugari dituela diote. Telesailak zer harrera izatea espero duzue?
Josu Martinezek Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak liburuan Euskal Herrian izandako ihesaldi saiakera kuriosoenen bilketa egiten du, eta tartean dago Basaurikoa. Liburua banuen, eta telesailaren proiektua aurkeztu zidatenean, berrirakurri egin nuen. Ederra izan zen gertaera, eta kontatu beharra zegoen. Niri gustatu zitzaidan istorioa, fikzioa nola geratu den ez badakit ere. Ikusteko irrikitan nago; ea jendeari gustatzen zaion. ETBk proposatutako formatua, gainera, erakargarria iruditzen zait: igandean hasi eta ostegunera arte, egunero 50 minutu inguruko atal bat emango dute telebistan.
Formatu bitxia du telesailak: izan ere, bost atalak jarraian emango dituzte. Zergatik modu horretan?
Ez dakit zergatik egin nahi izan duten hori, baina uste dut egun telesailak kontsumitzeko dagoen moduagatik izango dela. Plataforma batzuek denboraldi guztia kolpetik eskuragarri jartzen dute; beste batzuek, berriz, astean behin askatzen dute pildora bana. Baina argi dago bost atal besterik ez dituen telesaila izanda, errazago dela atalak segidan eskainita kateatzea jendea. Ea hala den.
Urteak ziren ETBk ez zuela helduentzako telesailik ekoitzi, baina Edu Barinaga ETBko zuzendariak esan du datorren urterako fikzio soziala oinarri duten telesail batzuk egiteko asmoa dutela. Berri onak, ezta?
Berri onak dira, ikus-entzuleentzat batik bat; guretzat ere bai, noski, mundu horretan lanean gabiltzalako. Baina baieztapen horren atzean telesailak egiteko mila modu egon daitezke eta egin nahi duzun hori mimatzeko mila era; hor jarriko nuke nik fokua. Goi karguen ahotan moduei buruzko hitz gehiago entzun nahiko nituzke. Ihesaldia telesaila goxo egiteko bi aste gehiago behar zirela sentitu genuen lantaldeko kideok; argi gera dadila hori alor askorekiko informazio faltatik jaurtitako iritzia dela. Izan ere, ez dakit nola dauden gauzak, eta argi dago denbora dirua dela gremio honetan. Egia da, ordea, nik ez dudala ETBk muntatuta duen egitura elikatzeko behar denaren eta maneiatzen duen aurrekontu kopuruaren berri. Baina barrutik sortzen ari ginen produktua gehixeago mimatzeko beharra sentitu dugu sarri.
Telesailetan baduzu eskarmentua: Patria, Alli abajo, Eskamak kentzen, Pilotari...
Azken hamar urteetan ez dut ikus-entzunezkoetan lan askorik egin. Pilotari 2008an bukatu zen, eta ordutik, Eskamak kentzenen (2015) egun bateko lana eta Alli abajon (2016) beste hainbeste egitea suertatu zait. Beraz, ezer gutxi egin dut. Dena den, iaz sentitu nuen itzultzeko neukan gogoak eta eduki nitzakeen aukerek topo egin zezaketela: Oreina filmean paper txiki bat eta Vitoria 3 de marzon egun bateko lana izan nituen. Aurten Patrian parte hartzeko aukera izan dut; segidan, Nora filma etorri da; eta orain, Ihesaldia. Aurten indartsu sartu zait lana; ilusio handiz hartu dut, eta ea emaitzek laguntzen duten.
Orain zer proiektu dituzu esku artean?
Atsedena behar dut. Proba baten erantzunaren zain nago, eta antzerkian segitzeko gogo handia dut. Badugu datorren urtera begira antzerki obra baten proiektua: Fadoak entzuten zituen gizona estreinatuko dugu irailaren 18an Tolosan (Gipuzkoa), Xake Produkzioaken eskutik.