Binakako Erremonte Txapelketako finalera sailkatu da Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 15a

Javier Urrizarekin aritu zen azkoitiarra atzo, zapatua, Hernaniko Galarretan. 40 eta 38 irabazi zuten Juanenea eta Azpirozen aurka, eta finalerdietako bigarren partida irabazita finala jokatuko du.

Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra Binanako Erremonte Txapelketako finalera sailkatu da. Atzo, zapatua, 40 eta 38 nagusitu zen Javier Urrizarekin batera Juanenea eta Azpirozen aurka, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. 

Joan den ostegunean jokatu zuten Urrizak eta Larrañagak finalerdietako lehen partida Matxin III.a erremontista azpeitiarraren eta Barrenetxea IV.aren aurka. 40 eta 29 irabazi zuten azkoitiarrak eta Urrizak. Hori horrela, atzoko partidan nahikoa zuten 32 tanto egitea, baina irabazita lortu zuten finalera sartzea.

Txapelketaren lehen zatian Javier Urrizarekin aritu zen Iban Larrañaga, baina behin finalerdietara sartuta bikote aldaketa egin zuten. Larrañaga Utergarekin egokitu zen hasiera batean, baina aurrelariaren lesio batek bikoteak berriro egitea ekarri du. Zozketak berriz ere Javier Urriza eta Larrañaga elkartu egin zituen, eta momentuz ondo atera zaie; abenduaren 28an Galarretan bertan jokatuko den finalerako sailkapena lortuta dute. Orain, garaitu dituzten bi aurkariek elkarren aurka jokatu beharko dute, bigarren finalista zein bikote den erabakitzeko. 

Azken aukera Matxin III.ak

Matxin III.ak, bestalde, datorren zapatuan, abenduak 21, jokatuko du Binakako Erremonte Txapelketako azken finalerdia. Azpirozekin zen aritzekoa aurrelari azpeitiarra, baina erremontista baten lesioagatik bikoteak berregin dituzte. Azpeitiarra Barrenetxea IV.arekin batera ari da finalerdietan, eta azken partida Juanenea eta Azpirozen aurka jokatuko dute, Hernaniko Galarretan. Partida irabazten duenak abenduaren 28ko finalerako sailkapena lortuko du. Urriza eta Larrañaga dituzte zain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide