Hainbat egitasmo "kolokan" dagoela ohartarazi du Anaitasuna MBk, "antolakuntzarako boluntario faltagatik"

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 12a

Hilaren 18an egingo du Azkoitiko mendizaleen elkarteak aurtengo batzarra eta han azalduko dituzte, besteak beste, 2020rako egutegiari lotuta dituzten kezkak. Kakuteko Eguna, Mendi Astea, Zazpi Kurutzeen martxa edota Pirinioetarako irteera antolatzeko jendea behar dute.

Urteko batzarra egingo du Anaitasuna Mendi Bazkunak datorren asteazkenean, hilaren 18an. Azkoitiko Kultur Etxean izango da bilera, 20:00etan. Bertan, ohi bezala, amaitzear den urtearen balantzea aurkeztuko dute zuzendaritza batzordekoek eta hurrengo urterako egutegia ere hizpide izango dute batzarrean.

Hain zuzen ere, 2020rako ekintzen egutegiarekin lotuta, batzarrerako deiarekin batera beste dei bat ere egin du Anaitasuna MBren zuzendaritzak. Izan ere, urteroko hainbat ohiko hitzordu "kolokan" gera daitezkeela ohartarazi dute mendizaleen elkartekoek, "antolakuntzarako boluntario faltagatik";  Kakuteko Eguna, Mendi Astea, Zazpi Kurutzeen martxa edota Pirinioetarako irteera aipatu dituzte, hain zuzen ere. Beraz, "jendea ekintzetan inplikatzeko" eskatu dute. 

Egun sei lagunek osatzen dute mendizaleen zuzendaritza batzordea, baina horietako batzuk utzi egingo dute laster ardura hori eta "batzordean sartzeko" jendea ere behar dute Anaitasunakoek. Orain arte elkartean ibili ez diren lagunak zein batzordekide ohiak "ongi etorriak" izango direla nabarmendu dute, "proposamen eta ideia berriak ere gustura hartuko" dituztela gaineratuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide