"Salduta" sentitzen dira Gipuzkoako pastoralgintzan aritzen diren hainbat laiko, egungo gotzainak "alboratu" egin dituelako azken hamarkadetan eliza barrutiek hobetsitako eredua eta bide orria. Desados daudela adierazteko, manifestua sinatu dute 300 lagunek, horien artean Romualdo Larrañaga, Ixabel Jauregi, Juan Luis Uria eta Nerea Machado Azkoitiko pastoral taldeko kideak. Esperantzarako deia ere luzatu dute, eta "beste modu batera" pentsatzen dutela ikusarazteko, meza egingo dute larunbatean Arantzazun.
Gipuzkoako Elizbarrutiak azken hamar urteetan hartu duen norabidea salatu duzue manifestuaren bidez. Zer gertatu da azken hamarkadan?
Romualdo Larrañaga: [Jose Ignacio] Munillaren gotzaintzaren aurrekoa naiz ni. [Jose Maria] Setienen eta [Juan Mari] Uriarteren aldiak bizi izan nituen eta parte hartu nuen haietan. Eliza Ebanjelioaren zerbitzura bide orrian biltzen da orduko pastorala. Han argi agertzen da lanketa hura zer asmorekin egin zen. Gizartean azkenak daudenengandik hasi behar da justizia eraikitzen, eta hori praktikan jarri elkartean, guztiok berdinak izanez, inor bestearen gainean egon gabe. Vaticano II.a Kontzilioaren ildoak ziren ideia horiek, eta Gipuzkoan aspaldi hasi ziren lantzen. Zer gertatu da orain? Munillak Toledon ikasi zuen eta, ondoren, Zumarragan egin zuen apaiz lana. Aipatutako Eliza eredu horren lanketatik urrun ibili da beti. Horrek talka sortu du, eta horrenbeste lan egiten ari ziren apaizak eta gu baztertuta geratu gara. Eliza berritzeko horrenbeste lan egin eta bat-batean Munilla etortzeak frustrazio handia eragin du apaizengan zein laiko askorengan.
Ixabel Jauregi: Munillaren aurretik, Uriartek 8.000 pertsonari galdeketa egin zion, pastoral barruti batzuk eraikita utzi zituen, eta 200 laiko arduradun izendatuta. Pentsa, plan hori guztia martxan zegoen, eta Munillak hankaz gora jarri du. Ez du sinesten eredu horretan.
Zer norabide hartu du Gipuzkoako Elizbarrutiak Munilla gotzain denetik?
I.J.: Kultura parte hartzailea alboratu du, eta duen ikuspegia oso moralista da. Pil-pilean dauden gaiak bere agendatik kanpo geratu dira, besteak beste, errefuxiatuena. Horrez gain, aurreko urteetan landu den ebanjelioaren nortasun horretan ez du sinesten. Salduta geratu gara; goian artzain bat dugu, eta gure parean, herrian, beste bat. Munillak, ordea, ez du bien arteko zubi lanik egiten.
Nerea Machado: Dena den, oso argi utzi nahi dugu manifestua ez doala Munillaren kontra; ez dugu nahi erasotuta sentiarazterik. Erakutsi nahi dugu barruti honetan batzuek sufritu egin dutela, eta pertsona horiek sufrimendua azaltzeko gune bat eduki dezaten nahi dugu. Gune hori izango da Arantzazuko ospakizuna. Itxaropenerako oihua ere izango da: oraindik badago zerbait egitea eta hasitako eredu hori berreskuratzea.
Frantzisko aita santuak duen eredu berbera da zuek aurrez hasi zenuten bidea, ezta?
R.L.: Zorionez, hala da. Ez da guk burua galdu dugula. Kontraesan batean gaude. Ez da ulertzen gertatzen ari dena, eta horrek ziurgabetasuna sortzen du.
Manifestuan kritikatu duzue elizbarrutiak negozioaren bidea hasi duela azken hamarkadan, pobreengana gerturatu beharrean.
R.L. Aurreko eredu horretan ez zeuden ezaugarrietako batzuk dira horiek. Donostiako Familia Santua parrokiako eta Amara auzoko adibideek erakusten dute Munillak eredu bat ezartzen duela eta bestea ez. Guk diogu hemen jendea badagoela benetan lan egitea nahi duena, eta hori onartu egin behar da.
I.J. Hiru urteko planak egiten ditugu barrutietan, eta behartsuak ditugu lehen mailan beti. Munillak ez du bide hori ezartzen, eta ildo horretatik goazen denok indarrak bildu nahi ditugu, herri mailan dagoen elkartearen sena mantentzeko eta guztiok babesteko. Zerbait gertatuko al zaigu ildo horretatik goazelako? Ez dakit Munillak zerbait egingo duen, ez dut uste, baina ez dago esaterik. Beldurrik ez, baina zerbait egin dezakeen kezka sortzen dit.
Munillak eman dezakeen erantzunak kezkatzen al zaituzte?
I.J.: Halako zerbait gertatzen denean, erantzuna ematen du, baina erantzun horrek niri ez dit ezertarako balio, beste mundu batean bizi delako. Haren mezuak ez zaizkit iristen.
R.L.: Onartzen dugu gotzaintzarengandik at gabiltzala, baina umiltasunez diogu beste eredu bat nahi dugula. Baikorrak izan eta itxaropentsu egon behar dugu, baina jakinda bi eredu daudela eta berak duela boterea. Oso gogorra da testuan esaten dena, baina errealitatea ere oso gogorra da. Erronka handia da.
Normala da talkak egotea, baina gotzaina oso itxia da, eta horrek huts egiten du. Irekita egon behar du desberdin pentsatzen dutenak batzeko eta gertatzen ari dena aukera moduan ikusteko, baina ez du egiten, eta hori da arazoa. Beraz, apal-apal jarraitu beharko dugu lanean, baina esanez ez gaudela ados.
Zertan da itxia gotzaina?
Juan Luis Uria: Uriarte, esaterako, herri bakoitzeko pastoralgintza taldeekin elkartzen zen eta azaltzen zien hurrengo urteetarako zer lan ildo zituen. Horrez gain, hilean behin, inguruko taldeak elkartzen ginen Loiolan, eta bikario bat joaten zen hara. Bailarako laikoak oso elkartuta geunden. Gauzak planteatzeko eta egiteko aukera genuen. Rouco Varelak, ordea, ondo pentsatuta aukeratu zuen Munilla; gauzak bere erara egiteko nahi zuen. Munillak eskema guztiak hautsi zizkigun laikooi. Lehen genuen guztia orain ez dugu, eta harremana moztu egin da.
Gipuzkoako 300 laikok sinatu duzue manifestua. Egun, zer babes du gotzainak?
J.L.U.: Gipuzkoan, laiko gehienek ez dute babesten. Lehendik gabiltzan laikoen artean, ez dut uste inor bat datorrenik Munillarekin. Gure eredua zen behetik lan egitea, protagonismorik gabe, pobreen alde. Berak beste era batera egitea nahi badu, egin dezala hala nahi duten lekuren batean. Gure esperantza hori da; ea egoerak beste bide bat hartzen duen, berarekin edo bera gabe.
Gipuzkoako Kristauak taldeak deitu du larunbateko eukaristia. Zer testuingurutan sortu da taldea?
N.M.: Hainbat barruti sufritzen ari direla ikusita, elkartzea erabaki zuten. Ikusi zuten gauzak ezin direla egin eraso bidez, baizik eta lehenengo geuk konpondu behar dugula, baina isilik ezin dugula geratu. Duintasun apur bat eduki behar dute, hainbat eraso jasan dituztelako. Horregatik sortu da taldea, esperantza dugulako lehengora itzultzeko.