Eguzki talde ekologistako eta Azkoitiko parrokiako taldeko boluntarioek sanandresetako zaborra jaso dute

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 6a

Eguzki talde ekologistako kideek eta Azkoitiko parrokiako taldeko kideek prentsaurrekoa eman zuten atzo, osteguna. Abenduaren 1ean, San Andres hurrengo egunean, goizean goiz Azkoitiko kaleetan pilatutako zaborra jasotzen aritu ziren bi talde horietako zortzi boluntario.

Abenduaren 1ean, San Andres egunaren hurrengo egunean, Azkoitiko kaleko zaborra jasotzen aritu ziren Eguzki erakunde ekologistako eta Azkoitiko parrokiako taldeko hainbat kide, eta joan zen igandean egindako ekintza bideoz ere grabatu zuten.

Atzo, osteguna, agerraldia egin zuten Eguzkiko eta parrokiako taldeko zenbait kidek, eta hilaren batean zaborra jasotzen grabatu zuten bideoa proiektatzeaz gain, zaborraren egoera salatzeko aprobetxatu zuten. Bi talde horien esanetan, gaur egungo gizartea "zentzurik gabeko egoera kezkagarrian" dago, eta herritarrek sortutako zabor guztiak ibaiak eta itsasoak zabortegi bilakatzen dituela nabarmendu zuten: "munduan gertatzen denak gure bizimoduarekin zerikusirik ez duela pentsatzen jarraitzeak arazoaren parte izatera kondenatzen gaitu, eta ez konponbidearen parte izatera", azaldu zuten. Ildo horretatik, Eguzki eta parrokiako taldeko kideek nabarmendu zuten plastiko pilaketa "zeharo adierazgarria" dela, eta "gain" hartu duela egoerak.

Bildutako zaborraren inguruan, bi taldeek gogorarazi zuten hondakinek "bide luzea" egiten dutela, eta hori ingurumenarentzat "oso garestia" dela: "gaur egun, badakigu birzikla zitezkeela uste genuen hondakin horietako asko ez direla birziklagarriak, zabortegian amaitzen dutela", azaldu zuten. Ildo horretatik, hondakinen arazoari irtenbidea topatzeko Azkoitiko Udalaren, tabernarien elkartearen eta herritarren elkarlana eskatu zuten Eguzkik eta parrokiako taldeak, konponbiderako helburu zehatzak epe baten barruan "zehazteko eta baloratzeko".

Azkenik, bi taldeek azaldu zuten kaleak garbitzera bideratzen den diru kopurua "izugarria" dela, eta horregatik, garrantzitsua dela zaborraren errealitatea herritarrei ikusaraztea.

Eguzki talde ekologistako eta Azkoitiko parrokiako taldeko boluntarioak. (Andoni Elduaien)

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide