Azkoitiko hainbat taldek txosten eta bideo bidez salatu zuten Zubi-Aurre Elkarguneko instalazioek duten "irisgarritasun arazoa". Orain, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin (GKEF) elkarlanean irisgarritasun azterketa egin dute. Azkoitiko Inslakuntza Duinak Orain! taldeak azaldu duenez GKEFren laguntza "ezinbestekoa" izan da txostena egiterakoan, eta "doan" egin dute. Halaber, herriko taldeak azterketarekin "oso pozik" daudela adierazi du. "Lan handia eskatu du lanketak, baina gaur egun dauden arazo ugariak zehaztu dituzte horren bidez", azpimarratu dute taldeko kideek.
Hainbat arazo hauteman dute azterketan. Egungo irisgarritasun legea betetzeko pertsonen presentziarekin irekitzen diren ateak egon beharko luketela diote, eta igerileku txikira joateko eskailerak bakarrik daudela ikusi dute. Aparkaleku egokituen falta ere sumatu dute, eta antolakuntza erabiltzaile guztiei errazteko seinalektikan hainbat moldaketa egin beharko liratekela uste dute. Igeriluko eta aldagela zaharretako lurra, berriz, oso irristakorra dela ikusi dute. Egin beharko liratekeen moldaketak lehentasunaren arabera mailakatu dituzte txostenean: lehentasun gorena eta lehentasuna. Aurrerantzean, "apurka-apurka" aktuazio horiek egitea "komenigarria" izango litzatekeela uste dute taldekideek.
Horrez gain, taldeek pasa den astean "berri ona" jaso zutela azaldu dute. "2018ko urrian IDO taldetik egindako eskariari erantzunez, aurtengo abuztura arte egon den elebatzaile automatikoa kendu eta berria ekarri zuten", esan dute. Aurrekoaren erabilpena "oso mugatua", "estatikoa" eta igerilekuko kalearen zatia hartzen zuela nabarmendu dute. "Gailu berria igerilekuaren edozein puntutan erabil daiteke, eta etorkizunean igerileku berria egiten bada, bertan ere erabili ahalko da", azaldu dute. IDO eta Marea Urdina oso pozik agertu dira horrekin, aparailu berriaren prozesuan "paper garrantzitsua" izan baitute. Bi taldeek azaldu dute Kirol Egokituko Federazioaren laguntza ere "eskertzekoa" izan dela tresna aukeratzeko orduan. "Orain igerileku handira iritsiz gero, hara sartzea errazagoa izango da. Oraindik, ordea, bertara edo igerileku txikira iristeak arazo handia izaten jarraitzen du", azpimarratu dute taldeek.
Marea Urdina eta IDO ados agertu dira aldaketa horiek "beharrezkoak" direlako eta igerileku berriak arazo askori "irtenbidea ematen" lagunduko diolako. "Igerileku berria beharrezkoa da sozialki eragingo dituen onurengatik eta erabiltzaile guztien beharrei erantzuten lagunduko duelako. Aspalditik dagoen eskari bat izanik, eta denborak aurrera eta eskariak gora egin ahala, egoera gero eta korapilatsuagoa eta deserosoagoa bilakatzen du igerilekuko eguneroko elkarbizitzan", esan dute bi taldeeko kideek. Halaber, jakinarazi dute Marea Urdina eta IDO taldeetako kideek proiektuaren erredakzioa eta egikaritzea "gertutik" jarraituko dutela "egungo erabiltzaile eta erabiltzaile posible guztien beharrak asetuko dituen igerileku berri bat izan arte".